KONBERTSIOAK ON EGITEN DIGU
Konbertsiorako deiak ahalegin estu baten oroitzapena iradokizun digu ia beti, berritze eta garbitze-lan orori dagokion ahaleginarena. Besterik gertatzen da, ordea, Jesusen hitzekin: «Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona» hitzek beste gonbidapen egiten digute: konbertsioa bizi beteago eta atseginago baterako urrats bezala hartzera.
Jesusen ebanjelioa sekula ahaztu behar ez genukeen hau esatera datorkigu: «On da konbertitzea, bihotz-berritzea. On egiten digu. Bizitzeko era berri bat, sanoagoa eta gozagarriagoa, esperimentatzeko aukera ematen digu. Jainkoaren egitasmoan murgiltzeko prestatzen gaitu, mundu gizatiarrago bat eraikitzeko». Norbaitek galdegin lezake: eta nola bizi esperientzia hau?, zein urrats egin?
Lehenengo gauza geldialdi bat egitea da. Ez beldur izatea geure buruarekin bakarrik gelditzeari, geure buruari bizitzako galdera garrantzizkoak egiteko: nor naiz ni?, zer ari naiz egiten neure bizitzan eta bizitzarekin?, hau al da bizi nahi dudan guztia?, hau bakarrik bizi nahi al dut?
Nork bere buruarekin topo egite honek egiati izatea eskatzen du. Inporta duena ez jarraitzea da, gehiago, geure burua engainatuz. Bizitzen ari garenaren egia bilatzea. Ez ahalegintzea garena ezkutatzen eta ez garenaren itxurak egiten. Aise gerta dakiguke orduan hutsunea eta eskastasuna esperimentatzea. Gure bizitza hondatzen ari zaizkigun jarduerak eta jarrerak ipintzen zaizkigu begi-bistan. Ez zen hori nahi izan genuena. Hondo-hondoan zerbait hobeto eta gozagarriago bizi nahi izaten dugu.
Baina geure bizitzari kalte eginez bizi garela aurkitzeak ez gaitu zertan eraman ezkortasunean edo etsipenean murgiltzera. Bekatari garen uste hau osasungarria da. Pertsona duinago bihurtzen gaitu eta buru-estimua berreskuratzen laguntzen digu. Dena ez da txar eta zital gure baitan. Bakoitzaren barnean beti ari da indar bat, erakartzen gaituena eta eragiten diguna on egitera, maitatzera, ontasunera. Jainkoa bera da, guztiontzat bizitza duinago bat nahi duena.
Konbertsioak, inondik ere, geure jardueran aldaketa zehatz batzuk egiteko eskatuko digu. Baina konbertsioa ez datza aldaketa horietan. Konbertsioa bera da aldaketa. Konbertitzea bihotza aldatzea da, bizitzan beste jarrera bat hartzea, norabide sanoago bat hartzea. Jainkoaren egitasmoan lankide bihurtzea.
Gizon-emakume guztiek, fededun eta ez hain fededun, egin ditzakete orain arte aipatutako urrats horiek. Fededunak badu alde on hau: Jainkoari bihotza konfiantzaz irekirik bizi dezake esperientzia hau. Jakinik, Jainko hori nitaz arduratzen dela, neure buruaz ni neu baino gehiago; ez, jakina, nire problemak konpontzeko, baizik «problema hori» konpontzeko, nire bizitza erdipurdiko eta huts egin duen hori, aterabiderik ez duela ematen duen hori, konpontzeko. Jainko bat, ulertzen nauena, nire zain dagoena, barkatu didana eta era beteagoan, gozagarriagoan eta atseginagoan bizitzen ikusi nauena.
Horregatik, Jainkoari salmogilearen hitz hauekin dei eginez bizi du fededunak bere konbertsioa: «Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz, suntsitu nire hobena, zeure neurrigabeko gupidaz. Garbi nazazu oso-osorik neure errutik, garbitu neure bekatutik. Senti ditzadala berriro poza eta alaitasuna» (Sal 51 [50]).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain