ENTZUN BIHOTZ BERRITZEKO DEIA
«Bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta Jainkoaren erreinua». Zer adieraz diezaiokete hitz hauek gure egunotako gizonezko edo emakume bati? Inor ez gaitu erakartzen bihotz-berritzeko dei batek. Berehala etorri ohi zaigu burura zerbait nekagarria eta gozo gutxikoa dela: haustura bat, bizitza deseroso eta atsegin gutxikora eramango gintuzkeena, sakrifizioz eta ukapenez bakarrik betera. Hala al da benetan?
Hasteko, «bihotz-berritu» terminoaz euskaratzen dugun grekozko hitzak «pentsatzeari ematea» esan nahi du, «geure bizitzaren ikusmoldeari berrikusi bat ematea», «ikusmira birdoitzea». Honela har litezke Jesusen hitzak: «Aztertu ez ote duzuen zerbait berrikusi eta birdoitu beharrik zeuen pentsaeran eta jardueran, bete ahal dadin zeuengan Jainkoaren egitasmoa, bizitza gizatiarrago bati dagokionez».
Gauzak horrela badira, berrikusi behar den lehenengo gauza, gure bizitza blokeatzen duen hura da. Bihotz-berritzea «bizitza liberatzea» da, beldurra, egoismoa, tirandura eta esklabotza deseginez, era osasungarrian haziz joatea eragozten diguten horiek. Bakea eta poza sortzen ez dituen bihotz-berritzea ez da zinezkoa. Ez da ari gu Jainkoaren erreinura hurbilarazten.
Ondoren, erroak ondo zaintzen ote ditugun berrikusi behar dugu. Erabaki handiak ez dira ezertarako, iturburua elikatzen ez badugu. Ez digute eskatzen fede goienekorik, ezta bizitza bete-beterik ere; soilik, bizi gaitezela Jainkoak digun maitasunean konfiantza izanez. Bihotz-berritzea ez da buru-belarri santu izaten saiatzea, baizik eta Jainkoaren erreinuari eta haren zuzentasunari harrera eginez bizitzea. Orduan bakarrik hasiko da gugan benetako eraldaketa bat.
Bizitza ez da, inoiz ere, ez betetasuna, ez erabateko arrakasta. Harrera egin beharra diogu «amaigabe izateari», umiliagarri denari, zuzentzea lortzen ez dugunari. Inporta duena, desirari eustea da, etsipenari amore ez ematea. Bihotz-berritzea ez da bekaturik gabe bizitzea, baizik eta barkazioa bizitzen ikastea, harrokeriarik eta tristurarik gabe, izan beharko genukeen eta ez garenagatik sentitutako aseezina elikatu gabe. Hona zer dion Jaunak Isaiasen liburuan: «Bihotz-berritzea eta lasai bizitzea izango duzue zein liberazioa» (30,15).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain