ARGITASUNA ETA LEIALTASUNA
Ez zuen gauza erraza izan Jesusek leial eustea Aitagandik hartutako misioari, haren gogotik desbideratu gabe. Ebanjelioek Jesusen barne-borroka gogorazten digute; baita gainditu behar izan zituen probak ere, bere ikasleen ondoan, bere bizitza guztian barna.
Lege-maisuek galdera maltzurrez eraso egin ohi zioten, ezarritako ordenura behartzeko, Espiritua ahaztuz; besteak beste, gaixoak larunbatean ere sendatzera eragiten ziona. Fariseuek jendearen sufrimendua arintzeari uzteko eskatzen zioten, eta burutzeko zerbait miresgarriagorik, «zeruko zeinu bat», maila kosmikorik, zeinen bidez guztien aurrean egiaztatuko baitzuen Jainkoak.
Tentazioak, maiteenak zituen bere ikasleengandik beraiengandik ere etorri ohi zitzaizkion. Santiagok eta Joanek ahantzi zedila eskatu zioten azkena zen jendeaz, eta ardura zedila ohore eta botere handieneko postuak beraientzat gordetzen. Pedrok, berriz, errieta egin dio bere bizia arriskuan jarri duelako eta erailik buka dezakeelako.
Jesusek sufritu egin zuen eta ikasleek ere sufritu egin zuten. Ezer ez zen erraz, ez argi. Guztiek saiatu behar zuten Aitaren borondatearen bila, mota guztietako probak eta tentazioak gaindituz. Tenpluko segurtasun-indarrek atxilotu baino ordu batzuk lehen, Jesusek diotse: «Zuek zarete nirekin iraun dutenak nire probetan» (Lukas 22,28).
«Jesusen tentazioak» delako pasadizoa, kontakizun bat da: horretan pilatu eta laburtu ditu ebanjelariak Jesusek bere bizitzan barna gainditu behar izan zituen tentazioak. Jordan ibaian hartutako Espirituak mugiturik bizi bada ere, ezerk ez du libratzen mesianismo-forma faltsuek erakarria izatetik.
Bere probetxu propioa izan behar al du gogoan ala Aitaren borondatea aintzat hartu? Bere Mesias-boterea ezarri behar al du ala beharrean direnen zerbitzuari lotu? Bere aintza propioa bilatu behar al du ala Jainkoak sufritzen ari direnez bizi duen errukia agertu? Arriskuak saihestu egin behar al ditu eta gurutzeari ihes egin ala bere misioari zorrotz eman, Aitagan konfiantza ipiniz?
Jesusen tentazioen kontaera, Jesusen jarraitzaileak adi jartzeko jaso zuten ebanjelariek. Azti bizi behar dugu. Jesusen Espiritua bizirik dago Elizan, baina kristauok ez gaude libre, askotariko tentaziotan eroriz, geure nortasuna behin eta berriz faltsutzetik.
Jesusi leial jarraitzeko, gaur egungo kristauok ditugun tentazioak identifikatu behar ditugu: hierarkiak eta herriak, arduradun erlijiosoek eta fededunek. Bere tentazioen berri ez lukeen Elizak laster faltsutuko lituzke bere misioa eta nortasuna. Ez ote zaigu honelako zerbait gertatzen ari? Ez ote dugu aztiago eta adiago bizi behar leialtasuna ez hausteko?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain