TENTAZIOAK IDENTIFIKATU
Ebanjelioen arabera, Jesusek bizi izan dituen tentazioak ez dira izan alde moralekoak. Bere egitekoa edo misioa oker ulertu eta bizitzeko proposatu zaizkion planteamendu dira. Horregatik, haren erreakzioa eredu izan beharko genuke geure portaera moralerako; batez ere, Jesusek gomendatu digun misiotik ez desbideratzeko azti egon beharra agertzen digu.
Guztien gainetik, gaurko Elizak eta hura eratzen dugunek senti ditzakegunak argiago eta erantzukizun handiagoz identifikatzeko laguntza izan ahal ditugu Jesusen tentazioak. Nolatan izan gintezke Jesusekiko Eliza leial, gaur haren egitasmotik eta bizieratik desbidera gaitzaketen tentaziorik arriskutsuenak kontuan hartzen ez baditugu?
Lehenengo tentaldian, Jesusek uko egin dio Jainkoaz baliatzeari harriak ogi «bihurtu» eta gosea horrela asetzeko. Ez du hartu nahi bide hori. Ez du bizi nahi bere onurari begira. Ez du hartu nahi Aita era berekoian. Jainkoaren hitz bizia izango du janari. Jendearen gosea asetzeko bakarrik «ugalduko ditu» ogiak.
Hau da, segur aski, lurralde aberatseko kristauen tentaziorik larriena: erlijioaz baliatzea geure ongizate materialerako, geure kontzientzia lasaitu eta kristautasuna errukirik gabe uzteko, «non dira zuen haurrideak?» dei eginez jarraitzen duen Jainkoari ezentzunarena eginez.
Bigarren tentaldian, Jesusek uko egin dio «boterea eta aintza» lortzeari: boteretsu guztiak bezala, «deabruak» inspiraturiko boterearen abusu, gezur eta zuzengabekeriaren meneko bihurtzeari. Jainkoaren erreinua ezin da ezarri, eskaini egiten da maitasunez. Soilik, pobreen, ahulen eta babesgabeen Jainkoa gurtuko du.
Ahalmen soziala galtzen ari den aldi honetan, beste garai bateko «boterea eta aintza» lortu nahi izateko tentazioa izan lezake Elizak, gizartearen gain botere absolutua bera ere duelakoan. Aukera historikoa galtzen ari gara: gaur egungo gizon-emakumeen aurrean, maitasunaren eta esperantzaren premia hain handia duten honetan, zerbitzu apalaren eta bidelagun izatearen bide berriari ekitearen aukera.
Hirugarren tentaldian, Jesusek uko egin dio arrakasta errazera eta arrandiara jotzeari bere misioa betetzeko. Ez du izan nahi mesias triunfalista. Jainkoa ez du jarriko bere harrokeriaren zerbitzura. Baizik eta, zerbitzari izango da bereen artean.
Beti izango da tentagarri eremu erlijiosoaz baliatzea, norberaren izen ona, sona eta entzutea lortzeko. Ezer gutxi izan daiteke barregarriago Jesusi jarraitzeko orduan arrandiaren eta ohorearen bila ibiltzea baino. Kalte egiten dio horrek Elizari eta egiaren esparru izatea kentzen dio.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain