JESUSI ENTZUN
Gero eta denbora gutxiago hartzen dugu entzuteko. Ez dakigu nola hurbildu, lasai eta aurreiritzirik gabe, beste baten bihotzera. Ez gara gai gizaki orok komunikatzen ahal digun mezuari harrera egiteko. Geure problema propioetan hesiturik, pertsonen ondotik igarotzen gara, inori ere egiaz entzutera ia-ia gelditu gabe. Ahazten ari zaigu entzuteko artea.
Horregatik, ez da arraroa gertatzen ere, kristauoi, hein batean, ahaztu izana fededun izatea Jesusi entzunez bizitzea dela. Alabaina, entzute horretatik bakarrik jaio ohi da zinezko kristau-fedea.
Markos ebanjelariaren arabera, «antzaldatzearen mendian», ikasleek, beren burua hodei baten itzalak bildurik sentitu eta izutu direnean, soilik hitz hauek entzun dituzte: «Hau ene Seme maitea da: entzun iezaiozue!»
Jesusi hondoraino entzutearen esperientzia mingarria izan daiteke, baina hunkigarria da. Ez da guk geure eskemetatik eta topikoetatik irudikatu genuen hura. Beraren misterioa gure ezagupenaren gainetik dago. Kasik konturatu gabe, gu geure segurtasunetatik, gustu-gustuko ditugunetatik, erauzten dihardu, egiazko bizitza betera erakartzeko.
Noizbait ere, azken egia esaten ari zaigun batekin topo egin dugu. Zertako bizi eta zergatik hil, ondo dakien batekin. Zerbaitek diosku barnetik arrazoi duela. Beraren bizitzan eta beraren mezuan egia nabari dugu.
Entzuten pazientziaz eta egiati irauten badugu, gure bizitza argi berri batez distiratzen hasiko da. Dena klaruago ikusten hasiko gara. Aurkituz joango gara zein den erarik gizatiarrena bizitzako problemei eta heriotzaren misterioari aurre egiteko. Konturatuz joango gara zein errore handiak egin gintzakeen gizakiok eta zein leialtasun-falta handietan eror gintezkeen kristauok.
Gehiago arduratu beharko genuke geure kristau-elkarteetan Jesusi leial entzuteaz. Berari entzuteak mendetako itsutasunez senda gintzake, kasik saihestezin ezin diren etsipen eta koldarkerietatik aska gintzake, adore berri bat eman liezaioke gure fedeari.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain