KRISTAU NORTASUN BERRIA
Kristau izateko, gauzarik erabakitzaileena ez da zer gauza sinesten ditugun, baizik eta zein harreman bizi ditugun Jesusekin. Sineskizunek, eskuarki, ez dute aldarazten gure bizitza. Sinesten ahal dugu Jainkoa badela, Jesus berpiztu dela eta beste gauza asko, baina kristau on izan gabe geldituz. Jesusekiko atxikimendua eta harekiko harremanak dira eraldatzen ahal gaituztenak.
Ebanjelioetan bada eszena bat, tradizioz Jesusen «antzaldatzea» deitu ohi duguna. Jadanik ezin da berregin kontakizun horren jatorriko esperientzia historikoa. Dakigun gauza bakarra da, testu hori oso gustukoa zutela lehen kristauek; hain justu, besteak beste, Jesusengan bakarrik sinestera eragiten zien.
Eszena «mendi garai» batean kokatu dute ebanjelariek. Juduen historiako bi pertsonaia ospetsu lagun dituela ageri da Jesus: Moises, Legearen ordezkaria, eta Elias, Galilean gehienik mate duten profeta. Jesus bakarrik ageri da aurpegia antzaldaturik. Hodeitik datorren ahots hau entzun dute ikasleek: «Hau da ene seme maitea. Entzun iezaiozue».
Inporta duena ez da Moisesengan eta Eliasengan sinestea, baizik eta Jesusi eta beraren ahotsa entzutea, Seme maitearen ahotsa. Funtsezkoena ez da tradizioan sinestea, ezta erakundeetan ere, baizik eta gure bizitzan erdigunetzat Jesus hartzea, Jesu Kristorekin gero eta harreman kontzienteagoak eta konprometituagoak bizitzea. Orduan bakarrik entzun ahalko dugu beraren ahotsa nork bere bizitzan, kristau-tradizioan eta Elizan.
Jesusekiko gure elkartasun gorakor hau bakarrik joango da eraldatzen gure nortasuna eta gure irizpideak, joango da sendatzen bizitza ikusteko gure era, joango da gu esklabutzatik askatzen, joango da hazarazten ebanjelioaren araberako gure erantzukizuna.
Jesusen baitan eta baitatik beste era batean bizi ahal izango gara. Jendea jadanik ez da izango erakargarri edo desatsegin bakarrik, interesgarri edo ganoragabeko bakarrik. Problemak ez dira izango jadanik norberarenak bakarrik. Mundua ez da izango jadanik gudu-eremu bat non bakoitza ahal bezala defendatuko baita. Baizik eta babesgabeenen sufrimendua min ematen hasiko zaigu. Mundua gizatiarrago bihurtzeko lanean hastera ausartuko gara. Jesusen antzekoago egiten hasiko gara.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






