JESUSI BAKARRIK ENTZUN
Pasadizo honi, tradizioz, «Jesusen antzaldaketa» deitu ohi zaio. Ezinezkoa da kontakizun harrigarri honen iturburu izan den esperientzia seguru berregitea. Hau dakigu soilik: ebanjelariek garrantzi handia eman diotela, zeren, kontakizunaren arabera, Jesusen zinezko nortasunaz zerbait barruntatzeko bidea ematen duen esperientzia baita.
Lehenik eta behin, Jesusen aurpegiaren aldaketa nabarmendu du kontakizunak, eta, Moises eta Elias haren solaskide ageri diren arren, agian hurrenez hurren legearen eta profeten ordezkari bezala, soilik Jesusen aurpegiak jarraitzen du eszenan antzaldaturik eta distiratsu.
Itxuraz, ikasleek ez dute hauteman ikusten ari direnaren esanahi sakona; izan ere, Pedro dio: «Maisu, bai ondo gaudela hemen. Hiru txabola eginen ditugu: bat zuretzat, bestea Moisesentzat eta hirugarrena Eliasentzat». Bibliako bi pertsonaia handi horien ikuspegi eta maila berean ipini du Jesus. Nori bere txabola. Jesusek ez du artean erdiko lekurik eta nagusirik Pedroren bihotzean.
Jainkoaren ahotsak zuzenduko dio ikuspegi hori, Jesusen benetako nortasuna agertuz: «Neure Semea dut hau, hauta», aurpegia antzaldatua duen hau. Ez da nahasi behar Moisesen eta Eliasen aurpegiekin, hauena itzalia da. «Entzun honi». Eta ez beste inori. Honen Hitza da erabakitzaile bakarra. Gainerakoek honengana bideratu behar gaituzte.
Premiazkoa da berreskuratzea gaur egungo Elizan ebanjelioetan datorren Jesusen kontakizun honen esperientzia, hasiera hartan kristau-elkarteek izan zuten hau. Lau idazki hauek besterik ez bezalako obra dira kristauentzat; ezin parekatu ditugu Bibliako gainerako liburuekin.
Bada lau hauetan bakarrik aurki genezakeen zer bat: hark erakarririk sentitu eta jarraitu zioten lehenengo haiengan Jesusek eragin zuen zirrara. Ebanjelioak ez dira liburu didaktikoak, Jesusez eskola-irakaspena ematen dutenak. Ez dira biografiak ere, Jesusen ibilbide historikoa xeheki dakartenak. «Konbertsio-kontakizun» dira, aldaketara, Jesusi jarraitzera, haren egitasmoarekin bat egitera gonbidatzen dutenak.
Horregatik behar dira entzun konbertsio-jarreraz. Eta jarrera hori behar da izan irakurtzean, predikatzean, hausnartzean eta fededun bakoitzak eta elkarte bakoitzak bihotzean gordetzean. Igandero Jesusen ebanjelio-kontakizuna konbertsio-jarreraz entzuten dakien kristau-elkartea hasia da eraldatzen. Ez du Elizak bere burua berritzeko potentzial indartsuagorik lau liburu koxkor hauek baino.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain