NORI ENTZUN?
Kristauok txikitatik entzun izan dugu hitz egiten ebanjelioko eszena jakin batez, tradizioz «Jesusen Antzaldatzea» deitu ohi dugunaz. Jadanik ez da posible jakitea, seguru, nola sortu zen kontaera hori. Kristau-tradizioan jaso zuten, batez ere bi arrazoirengatik: batetik, Jesusen baitan ezkutuan zegoen misterioa gogoratzen laguntzen zielako; bestetik, Jainkoak Jesusi bakarrik entzutera gonbidatzen zituelako.
«Mendi garai» baten gailurrean, hurbilenak dituen ikasleek «aurpegia» antzaldaturik ikusi dute Jesus. Israelen historiako bi legenda-pertsonaia ditu lagun: Moises, herriaren legegile handia, eta Elias, Jainkoa ardura beroaz defendatu zuen suaren profeta.
Pertsonaia biek, Legearen eta Profeten ordezkoek, aurpegia itzalia dute; Jesusek bakarrik dirdaitzen du argiaz. Bestetik, ez dute hots egin inolako mezurik, Jesusekin «solas egitera» etorri dira: Jesusek bakarrik du azken hitza. Jesus bakarrik da giltza edozein mezu irakurtzeko.
Ematen du Pedrok ez duela ulertu. «Hiru txabola» egitea proposatu du, bana hirurentzat. Horrenbestez, maila berekotzat eman ditu hirurak. Ez du sumatu Jesusen berritasuna eta berezitasuna. Hodeitik irten den ahotsak argituko ditu gauzak: «Hau da ene Semea, kutuna. Entzun berari». Ez zaio entzun behar Moisesi, ezta Eliasi ere, Jesusi bakarrik, «Seme maiteari». Honen hitzek eta honen biziak agertuko digute Jainkoaren egia.
Jesusi entzunez bizitzea egundoko esperientzia da. Noizbait ere egia dioen norbaiti entzuten da. Zergatik eta zertako bizi dakien norbaiti. Mundu zuzenago bat eta gizakiaren duinago bat eraikitzeko giltzak eskaintzen dituen norbaiti.
Jesusen jarraitzaileok ez gara bizi edozein sineskizun, edozein arau edo erritu biziz. Elkarte bat kristau egiten, bere erdian Ebanjelioa eta soilik Ebanjelioa ipintzen duenean joaten da kristau egiten. Hor jokatzen dugu geure nortasuna. Ez da erraza imajinatzea, elkarrekin «Jesusen kontaera» entzunez bizi den fededun-taldea baino gertaera sozial gizatiarragorik. Igandero entzuten ahal dugu beraren deia, bizitza beste begi batzuez ikustera eta erantzukizunez bizitzera, mundua bizileku hobe bihurtuz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






