JESUSEN ERLIJIOA
Bide egiteaz nekaturik, Jakoben putzuaren ondoan eseri da Jesus, Sikar herrixkatik hurbil. Laster emakume samariar bat iritsi da egarria asetzera. Bat-batean, harekin hizketan hasi da Jesus, bihotzean duenaz.
Hizketaldiko une batean, juduek eta samariarrek beren artean duten gatazka planteatu dio emakumeak Jesusi. Juduak Jerusalemera joaten dira erromes Jainkoa gurtzeko. Samariarrak, berriz, Garizim mendira igo ohi dira, zeinen gailurra ikusten baita Jakoben putzutik. Non gurtu behar da Jainkoa? Zein da egiazkoa erlijioa? Zer uste du Galileako profetak?
Jesus argituz hasi da ezen egiazko kultua ez dagoela leku jakin bati atxikia, beneragarriena delarik ere. Zeruko Aita ez dago inongo lekuri lotua, zeruko Aita ez da inongo erlijioren jabetza. Ez da inongo herri jakin batena.
Ez genuke ahaztu behar. Jainkoarekin topo egiteko ez da beharrezkoa Erromara joatea edota Jerusalemera erromes joatea. Ez da zertan joan kapera batera edo katedral bat bisitatzera.
Presondegirik sekretuenetik, ospitale bateko zainketa bereziko gela batetik, edozein sukalde edo lantegitatik jaso ahal dugu bihotza Jainkoagana.
Jesus ez zaio mintzo emakume samariarrari «Jainkoa gurtzeaz». Berria da beraren hizketa. Hiru alditaraino mintzo zaio «Aita gurtzeaz». Horregatik, ez da beharrezkoa mendi batera igotzea urruneko Jainko batengana pixka bat hurbiltzeko, gure problemez arduragabe, gure sufrimenduez axolagabe izango litzatekeen batengana, alegia. Jainkoa Aita maite bezala aitortuz hasten da egiazko kultua, gure bizitzan barna hurbileko lagun dugun Aita bezala aitortuz.
Jesusek zerbait gehiago ere badiotso. «Egiazko gurtzaile» bila dabil Aita. Ez du espero bere seme-alabengandik zeremonia handiosik, ospakizun solemnerik, intsentsurik eta prozesiorik. Nahi duena bihotz xumeak dira, «espirituaz eta egiaz» gurtuko dutenak.
«Aita espirituaz gurtzea» Jesusen urratsei jarraitzea da eta bera bezala beti azkenak direnengana bidaltzen duen Aitaren Espirituak gida gaitzan uztea. Gupidatsu izaten ikastea, Aita den bezala. Argiro esan du Jesusek: «Jainkoa Espiritu da, eta gurtzen dutenek espirituaz egin behar dute». Jainkoa maitasun da, barkazio, samurtasun, hats bizigarri… da, eta bera gurtzen dutenek beraren antzeko izan behar dute.
«Aita egiaz gurtzea» egian bizitzea da. Behin eta berriz ebanjelioaren egiara itzultzea. Jesusen egiari leial izatea, geure gezur propioetan hesitu gabe. Kristautasunak dituen hogei menderen ondoren, ikasi al dugu Jainkoari egiazko kultua eskaintzen? Aitak bilatzen dituen egia-gurtzaileak al gara?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain