ZER ERLIJIO DA GURE HAU?
Ebanjelio guztiek dakarte Jesusen keinu ausart eta probokatzaile baten berri: Jerusalemgo Tenpluan gauzatua. Segur aski ez zen izan oso handiosa. Uso-saltzaile batzuen taldea kolpatu zuen, trukatzaile batzuen mahaiak irauli eta une batzuetan jarduera eteten saiatu zen. Ezin egin izan zuen beste ezer asko gehiago.
Halere, indar profetikoz kutsatutako keinu hura izan zen Jesus atxilotzea eta presaka eraitea eragin zituena. Tenpluari eraso egitea judu-herriaren bihotzari eraso egitea zen: judu-herriaren bizitza erlijioso, sozial eta politikoaren erdiguneari. Ukiezina zen Tenplua. Han bizi zen Israel herriaren Jainkoa. Zer izango zen herriaz beren artean Tenplua ukan gabe?, nolatan biziraun zezaketen Tenplurik gabe?
Jesusentzat, ordea, oztopo eta traba handia zen hura, Jainkoaren erreinua onartu ahal izateko, berak hartzen eta hots egiten zuen bezala. Keinu hark koloka ipini zuen «leku santu» hartatik sustatzen zuten sistema ekonomiko, politiko eta erlijiosoa. Zer zen Tenplu hura?, Jainkoaren erreinuaren eta beronen zuzentasunaren zeinu ala Erromarekin lankide izatearen sinbolo?, otoitz-etxe ala nekazarien hamarrenen eta hasikinen mandio?, Jainkoaren barkazioaren santutegi ala era guztietako zuzengabekerien zuzenespen?
«Merkatu» bat zen hura. «Jainkoaren etxearen» inguruan aberastasuna metatzen zen bitartean, herrixketan bertako seme-alaben miseria haziz zihoan. Ez. Jainkoak ez zuen sekula zuzentzat emango hura bezalako erlijio bat. Behartsuen Jainkoa ezin izan zen errege Tenplu hartatik. Jainkoaren erreinua iristearekin galdua zuen Tenplu hark izateko arrazoi guztia.
Jesusen jarduerak bere jarraitzaile guztiak ipini gaitu erne eta geure buruari galde egitera behartu gaitu: zer erlijio ari gara lantzen eta eragiten geure tenpluetan. Jesusengan arnastua ez bada, bihur daiteke era «santu» bat geure burua Jainkoaren egitasmoari ixteko, Jesusek munduan sustatu nahi zuenari. Lehenengo gauza ez da erlijioa, baizik eta Jainkoaren erreinua.
Zer erlijio da gure hau?, sufritzen ari direnentzat errukia hazaraztekoa ala gure ongizatean lasai bizitzen uzten diguna?, geure probetxu propioa elikatzen duena ala mundu gizatiarrago bat egiteko lan eginarazten diguna? Juduen Tenpluaren antza baldin badu, Jesusek ez du bedeinkatuko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain