ZERTAKO GORDE PIKONDO ANTZU BAT?
Jesusek era askotara jokatzen zuen jendeagan Jainkoaganako konbertsioa sustatzeko. Hori zuen egiazko bere grina, bere nekaldia: iritsi da Jainkoaren erreinuaren eta haren zuzentasunaren bila aritzeko garaia, biziera zuzenago eta gizatiarrago bat eraikitzeari ekiteko ordua, berak nahi bezalakoari.
Lukasen ebanjelioaren arabera, Jesusek, behin batean, parabola labur bat jaulki zuen «pikondo antzu» batez. Beraren deiari praktikan kasurik egin gabe entzuten ziotenen jarrera axolagabea desblokeatu nahi zuen. Kontaera laburra da eta gardena.
Jabe batek bere mahastian pikondo bat landatua du. Aspalditik etorri izan da bertara fruitu bila. Baina, urtea joan urtea etorri, pikondok huts egin izan dio. Han dago zut, baina antzu, mahastian.
Jabeak erabaki arrazoizkoena hartu du. Pikondoak ez du fruiturik ematen eta lurraren indarrak alferrik irensten ari da. Arrazoizkoena arbola botatzea da. «Zertako egon behar du hor lurra alferrik jaten?»
Zentzuzko guztien aurka, mahastizainak arbola salbatzeko ahal den guztia egitea proposatu du. Ingurua aitzurtuko dio, behar duen hezetasun guztia izan dezan, ongarria ere botako dio janaritu dadin. Zaintzailearen maitasuna, konfiantza eta ardura direla medio, pikondoa fruitu ematera gonbidatu dute. Erantzungo ote du?
Guri erreakzionatzera eragiteko kontatu du ebanjelariak parabola hau. Zertako pikondo bat pikurik gabe? Zertako bizitza antzu bat eta sormenik gabeko bat? Zertako kristautasun bat Jesusi praktikan jarraitzen ez diona? Zertako Eliza bat Jainkoaren erreinuaz arduratzen ez dena?
Zertako erlijio bat, gure bihotza aldarazten ez duena? Zertako kultu bat konbertsiorik eragiten ez duena eta geure ongizatean lasaitzen eta berresten gaituena praktika eragin gabe? Zergatik arduratu horrenbeste gizartean leku garrantzizko bat «bete nahi izateko», geure bizitza dela medio indar eraldatzaile bat sartzen ez badugu? Zergatik hitz egin Europaren «kristau-sustraiez», ezin bada ikusi Jesusen jarraitzaileen «kristau-fruiturik?»
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain