JAINKOAK MAITE DU MUNDUA
Ez da esaera bat gehiago. Ez dira ebanjeliotik baztertzen ahal liratekeen hitzak, ezer garrantzizkorik aldatu gabe. Kristau-fedearen funtsezko muina jasotzen duen baieztapen dira hitz hauek: «Hartaraino maite zuen Jainkoak mundua bere Seme bakarra eman baitzuen».
«Jainkoak maite du mundua». Den bezalako maite du. Amaitu eta ziurtasunik gabeko. Gatazkaz eta kontraesanez betea. Gauzarik hoberenerako eta okerrenerako gai dena. Mundu hau ez da ari bide egiten bera bakarrik, galdurik eta babesik gabe. Jainkoak besarkaturik dauka bere maitasunez lau aldeetatik. Garrantzirik handieneko ondorioak ditu honek.
Lehenik, Jesus, beste ezer baino lehen, Jainkoak munduari, ez kristauei bakarrik, egin dion «erregalua» da. Ikertzaileak ari daitezke, mugarik gabe, Jesus horren irudi historikoaren alde askoz eztabaidan. Teologoek jarrai dezakete beren teoriarik zorrotzenak garatzen. Jesusengana Jainkoaren erregalu handitzat harturik hurbiltzen denak bakarrik aurkitu ahalko du harengan, zirraraz eta gozamenez, Jainkoaren hurbiltasuna gizaki guztientzat.
Bigarren, Elizaren izateko arrazoia, munduan beraren presentzia bidezkotzat ematen duen gauza bakarra, Jainkoaren maitasuna oroitaraztea da. Askotan azpimarratu du hori Vatikano II.a kontzilioak: Eliza «Kristok bidalia da Jainkoak gizon-emakume guztiei dien maitasuna agerian jarri eta komunikatzera». Ez da ezer inportanteagorik. Lehenengo gauza gizaki guztiei Jainkoaren maitasuna komunikatzea da.
Hirugarren, ebanjelariaren arabera, Jainkoak munduari Jesus erregalu handi hori egin dio, «ez mundua juzgatzeko, baizik eta beraren bidez mundua salba dadin». Arriskutsua da mundu modernoaren salaketa eta gaitzespena egitarau pastoral oso bihurtzea. Guztiekiko maitasunez bihotza beterik dugula bakarrik deitzen ahal diogu batak besteari konbertsiora. Jendeari Jainkoak gaitzetsia dela sentiarazten badiogu, ez gara ari Jesusen mezua eskualdatzen, baizik eta beste zerbait: agian, geure erresumina eta sumina.
Laugarren, une hauetan, dena nahas-mahas, ziurtasunik gabeko eta etsigarri dela ematen duen hauetan, ez digu eragozten ezerk ere bakoitzak munduan maitasun-apur bat ereitea. Jesusek egin zuena da. Ez dugu zertan egon ezeren zain. Zergatik ez dute izan behar une hauetan gizon-emakume onak, sufritzen ari direnentzat, munduan maitasuna, adiskidetasuna, gupida, zuzentasuna, sentiberatasuna eta laguntza… txertatuko dutenak? Sufritzen ari diren hauek eraikitzen dute Jesusen Eliza, maitasunaren Eliza.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain