NOLA BIZI EDO ESPERIMENTATZEN DU JESUSEK JAINKOA?
Ez zuen nahi Jesusek Galileako jendeak Jainkoa errege bat bezala, jaun bat edo epaile bat bezala har zezan. Aita bat bezala esperimentatzen edo hartzen zuen berak, ezin sinetsizko aita on bezala. «Aita onaren» parabolan ondo asko adierazi zien nola ikusten zuen berak Jainkoa.
Jainkoa aita on bat bezalakoa da, ez du nekatzen burua bere ondareari bueltaka. Begirunea die bere semeen erabakiei. Ez du iraintzat hartu semeetako batek bera «hildakotzat» eman eta bere ondare-zatia eskatu izana.
Triste gelditu da seme hura etxetik alde egiten ikusi duenean, baina ez da ahaztuko sekula hartaz. Noiznahi itzuli ahal izango da seme hura etxera, inolako beldurrik gabe. Behin batean, seme hura berriro ikusi ahal izan duenean, goseak eta umiliaturik, «hunkitu egin da» aita, kontrola galdu du eta korrika joan da bere semeagana.
Ahaztu egin da aita familian berak duen «jaun» duintasunaz; besarkatu eta musu eman dio, bero-bero, ama batek bezala. Eten egin dio semeari egiten ari zaion aitortza, umilazio luzeagoan urtu ez dadin. Aski sufritu du. Ez du aitak azalpen gehiagoren beharrik semetzat hartzeko, Ez dio ezarri inolako zigorrik. Ez dio eskatu garbikuntza-erritualik. Ez du ematen barkatu diola agertu beharrik duenik ere. Ez da horren beharrik. Benetan, ez zion utzi sekula seme hura maitatzeari. Beti ibili da gauzarik hobenaren bila seme harentzat.
Orain, aita bera arduratuko da semea berriro ere gustura senti dadin. Etxeko eraztuna eta jantzirik egokiena erregalatu dizkio. Herri guztiari jaia eskaini dio. Jai-otordua egingo dute, musika, dantza eta guzti. Bizitzako jai ona ezagutu behar du semeak aitaren ondoan, eta ez bilatzen zuen prostituitu paganoen arteko sasi-jolasa.
Horrela sentitzen edo ikusten zuen Jesusek Jainkoa, eta horrela errepikatuko lieke gaur egun ere beragandik urrun bizi direnei eta sumatzen hasiak direnei bizitzan «galdurik» dabiltzala. Edozein teologia, prediku edo katekesi, Jesusen parabola muin-muineko honetaz ahaztuko balitz edota Jainkoa Aita adeitsua eta ona dela, bere seme-alaba galduei harrera ona egiten diena dela eta bere doako eta baldintzarik gabeko barkazioa eskaintzen diena dela ahaztuko balitz, ez litzateke izango Jesusengandik etorritakoa eta ez luke eskualdatuko Jesusek dakarren Jainkoaren berri ona.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain