MAITASUNA EZ DA IZATEN ORDAINIK GABEKO
Esaldi gutxi izan ohi dira gaurko ebanjelioan entzun ditugunak bezain probokatzaile: «Gari-alea, lurrera erori eta hiltzen ez bada, agor gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu ugari ematen du». Argia da Jesusen pentsamendua. Ezin eragin du batek bizitza, nork berea eman gabe. Ezin lagundu diezu besteei bizitzen, prest ez bazaude zeurea besteengatik emateko. Maitasunaren fruitu da bizitza, eta geure burua emateko gai garen neurrian sortzen da.
Kristautasunean ez dira bereizi izan beti, argiro, desegitea geure esku dugun sufrimendua eta desegin ezin dugun sufrimendua. Bada saihestezina den sufrimendu bat, geure sorkari-izaeraren isla da, orain garenaren eta izatera deituak garenaren arteko aldea adierazten du. Baina bada beste sufrimendu bat ere, gure egoismoaren eta zuzengabekerien fruitu dena. Sufrimendu bat, gizakiok elkar zauritzen erabiltzen duguna.
Arrazoizkoa da oinazeari ihes egin nahi izatea, bera saihesten saiatzea posible den guztietan, borroka egitea gugandik urruntzeko. Baina, horregatik hain justu, bada sufrimendu bat bizitzan baitaratu beharrekoa, nork bere egin beharrekoa: gizon-emakumeen artetik ezkutatzen saiatzeagatik sortu eta onartua den sufrimendua. «Oinazea ona da, soilik, bera desegiteko prozesuari aurrera eragiten badio» (Dorothee Sölle).
Garbi dago: bizitzan sufrimendu, samintasun eta atsekabe asko saihesten ahal genuke. Aski genuke begiak ixtea besteen sufrimenduaren aurrean eta geure bizitza buru-belarri ematea geure zorionaren bila, era egoistan. Baina beti prezio altuegi baten bizkar izango litzateke hori: sinpleki, maitatzea bertan behera utziz.
Maite duzunean eta bizitza biziki maite, ezin biziko zara axolagabe jendearen sufrimendu handiaren nahiz txikiaren aurrean. Maite duena zaurigarri bihurtzen da. Besteak maitatzeak berekin dakar sufrimendua, «gupida», solidaritatea oinazean. «Ez da sufrimendurik gugatik aparte izan daitekeenik» (K. Simonow). Solidaritate mingarri honek gizakiaren salbazioa eta liberazioa sorrarazten ditu. Horixe dugu topatzen Gurutziltzatuagan: salbatu egiten du oinazea partekatzen eta sufritzen ari denaren solidario bihurtzen denak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






