EMAKUMEAREN ADISKIDE
Harrigarria da Jesus hainbat emakumek inguraturik ikustea: adiskide bihotz-bihotzekoak, Maria Magdalena bezala edota Betaniako Marta eta Maria ahizpak. Jarraitzaile leialak, Salome, arrantzale-familia bateko ama, bezala. Gaixo diren emakumeak, herrixkako prostituituak… Ez da esan izan antzeko gauzarik inoizko profetaz.
Zer ikusten zuten harengan emakume haiek?, zergatik erakartzen zituen? Argia da ebanjelioetako kontaerek ematen duten erantzuna: Jesusek beste begi batzuez begiratzen die. Orain arte bizi izan ez duten samurtasunez hartzen ditu, beraien duintasuna defendatzen du, ikasle bezala onartzen ditu. Inork ez zituen horrela hartu.
Jendeak zikintasun erritualaren iturritzat hartzen zituen. Tabuak eta aurreiritziak hautsirik, inolako beldurrik gabe hurbiltzen zaie Jesus, bere mahaian onartzen ditu; are gehiago: esker onez datorkion prostituitu bati fereka dezan utzi dio.
Gizarteak bekaturako abagune eta iturritzat hartzen ditu; txikitatik ohartarazten zitzaien mutikoei halakoen lilura-jokoan eror ez zitezen. Alabaina, Jesusek gizonezkoen erantzukizuna azpimarratu du: «Emakume bati bera desiratuz begiratzen dionak egina du jadanik adulterioa bere bihotzean».
Ulertzekoa da Jesusen erreakzioa emakume bat, adulterioan harrapatua, aurkeztu diotenean, harrika erailtzeko asmoz. Inor ez da mintzo gizonezkoaz. Horixe zen gizarte matxista hartan beti gertatzen zena. Emakumea gaitzesten dute, familia desohoratu duelako; gizonezkoarena aise zuritzen da.
Jesusek ezin jasan du hipokresia sozial hori, gizonezkoen nagusitzak eraikia. Xumetasun eta adore miresgarriz, bere lekuan ipintzen ditu Jesusek egia, zuzentasuna eta errukia: «Bekaturik ez duenak bota diezaiola lehen harria». Salatzaileek alde egin dute lotsaturik. Badakite berak direla gizarte hartan egiten diren adulterioen erantzule nagusienak.
Jesusek samur eta adeitsu hitz egin dio emakume umiliatu hari: «Ezta nik ere, ez zaitut gutxiesten». Zoaz, jarrai ezazu bide eginez zeure bizitzan eta «aurrerantzean ez egin bekaturik gehiago». Jesus fidatu egin da emakumeagan, gauzarik hobena opa dio eta bekaturik ez egitera animatu du. Baina Jesusen ahotik ez da irtengo inolako gaitzespenik.
Nork erakutsiko digu gaur egun emakumeari Jesusen begiez begiratzen?, nork txertatuko ditu Elizan eta gizartean, Jesusen arabera, egia, zuzentasuna eta emakumearen defentsa?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain