JAINKOAREN MISTERIOARI BIHOTZA IREKI
Mendeetan barna, teologoek eginahal handiak burutu dituzte Jainkoaren misteriora hurbiltzeko, Hirutasunaren baitan jainkozko pertsonak elkartzen eta bereizten dituzten harremanak kontzeptu-eraikuntza desberdinez formulatu nahiz. Dudarik gabe, bidezko ahalegina da, Jainkoarekiko maitasunari eta desioari dariona.
Jesusek, alabaina, ez du hartu bide hori. Jainkoaz duen bere esperientziatik, gonbit hau egin digu bere jarraitzaileei: Jainko Aitarekin konfiantzaz jardun dezagun, bere, haragi egindako Jainkoaren Semearen, urratsei jarrai diezaiegun, eta Espiritu Santuari gida eta arnastu gaitzan uzteko gonbita da. Horrela, Jainkoaren misterio santuari geure bihotza irekitzen irakatsi digu.
Beste ezer baino lehen, Jesusek jarraitzaileak Jainko hurbil, onbera eta bihozkoiaren seme-alaba bezala bizitzera gonbidatu ditu, zeini guztiok Aita maite bezala dei egiten ahal baitiogu. Aita honen ezaugarriak ez dira ahalmena eta indarra, baizik onberatasuna eta mugarik gabeko errukia. Inor ez da bizi bakarrik. Guztiok dugu geure Aita, beste inork ez bezala ulertzen, maite eta barkatzen diguna.
Jesusek agertu digu ezen Aita honek bihotzetik darion egitasmoa duela: bere seme-alaba guztiekin mundu gizatarragoa eta haurridezkoagoa eraikitzea, zuzenagoa eta solidarioagoa. «Jainkoaren erreinu» izena eman dio Jesusek, eta guztiak gonbidatu ditu Aitaren egitasmo horretan murgiltzera, guztientzat bizitza zuzenagoa eta duinagoa bilatuz, beti ere haren seme-alaba pobreenak, babesgabeenak eta premia handiagokoenak lehen tokian emanez.
Aldi berean, Jesusek honetara gonbidatu ditu jarraitzaileak: beragan konfiantza izatera: «Ez bedi larritu zuen bihotza. Jainkoagan sinesten duzue; sinetsi nigan ere». Jainkoaren Semea da Jesus, bere Aitaren irudi bizia. Guztien Aitak nola maite gaituen agertu digute haren hitzek eta keinuek. Horregatik, berari jarraitzera gonbidatu ditu guztiak. Aitaren egitasmoaren zerbitzuan konfiantzaz eta leial bizitzen irakatsiko digu.
Bere jarraitzaileen taldearekin, familia berria eratu nahi du Jesusek, zeinetan guztiek «Aitaren nahia betetzea» izango baitute xede. Hau da lurrean utzi nahi izan duen ondarea: anai-arreben mugimendu bat, txikienen eta ezinduenen zerbitzurako. Aitak nahi duen mundu berriaren sinbolo eta ernamuin izanen da familia hau.
Horretarako, Aita eta honen Seme Jesus arnasten dituen Espiritua onartu beharra dute jarraitzaileek: «Zuen baitara etorriko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue eta nire lekuko izango zarete». Jainkoaren maitasuna da Espiritu hau, Aitak eta Semeak partekatzen duten hatsa, Jesusen jarraitzaileak honen testigu eta Hirutasun Santuaren egitasmo handiaren zerbitzuan lankide egingo dituen bulkada eta bizi-energia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain