KRISTAUA JAINKOAREN AURREAN
Kristauok ez dugu izaten beti gauza erraza Hirutasun bezala aitortzen dugun Jainkoaren misterioarekin harreman zehatz eta biziak izatea. Halaz guztiz, krisialdi erlijiosoa gonbidatzen ari zaigu berarekin harreman pertsonal, osasuntsu eta graziazkoak zaintzera, inoiz baino arduratsuago. Jesus, Galileako profetagan haragi egindakoa, dugu abiapuntu hobena geure fede xumea biziberritzeko.
Nola bizi Aitaren aurrean? Oinarrizko bi jarrera agertu dizkigu Jesusek. Lehenik eta behin, erabateko konfiantza. Ona da Aita. Mugarik gabe maite gaitu. Ezer ez zaio axola gure ongia baizik. Beldurrik gabe izan dezakegu konfiantza beragan, errezelorik gabe, kalkulurik edo estrategiarik gabe. Bizitzea Maitasunagan konfiantza izatea da, gauza guztien azken misterio gisa harturik.
Bigarrenik, baldintzarik gabeko esanekotasuna. On da Aita horren borondateari adi bizitzea, guztiontzat bizi duinago bat besterik ez baitu nahi. Ez dago bizitzeko modu osasuntsuago eta egokiagorik. Hauxe du bere arrazoi sekretua errealitatearen misterioa Jainko Aitarekiko fedeaz bizi duenak.
Zer da Jainkoaren Seme haragi eginarekin bizitzea? Lehenik eta behin, Jesusi jarraitzea: bera ezagutzea, berari sinestea, berarekin sintonizatzea, beraren urratsei jarraituz bizitzen ikastea. Bizitza berak ikusten zuen bezala ikustea; jendeari berak ematen zion bezalako tratua ematea; berak egiten zuen bezala, ontasunaren eta askatasun kreatzailearen zeinuak ereitea. Bizitza gizatiarrago eginez bizitzea. Horrela bizi da Jainkoa haragi egin denean. Kristau batentzat ez dago biziera zirraragarriagorik.
Bigarren, Aitaren borondateari jarraituz, Jesusek abian ipini duen Jainkoaren egitasmoan parte hartzea. Ezin gelditu gara besoak gurutzaturik. Negar dagitenak, barrez ikusi nahi ditu Jainkoak; gose direnak, jaten ikusi nahi ditu. Gauzak eraldatu egin behar ditugu, bizitza guztientzat bizitza izan dadin. Berak «Jainkoaren erreinua» deitzen duen egitasmo hau dugu giza bizitza gizatiarrago bihurtzeko Jesusek Jainkoaren azken misteriotik proposatzen digun esparrua, norabidea eta horizontea.
Zer da Espiritu Santuak arnasturik bizitzea? Lehenik eta behin, maitasuna arnasturik bizitzea. Hori ateratzen dugu Jesusen ibilbide guztitik. Funtsezkoa, den-dena maitasunez eta maitasunetik bizitzea da. Ez da ezer garrantzizkoagorik. Maitasuna da gure bizitzan zentzua, egia eta esperantza jartzen dituen indarra. Maitasunak salbatzen gaitu hainbat eta hainbat trakeskeria, errore eta miseriatatik.
Azkenik, «Jainkoaren Espirituak gantzuturik» bizi denak sentitzen du Berri Ona behartsuei hots egitera modu berezian bidalia dela. Halakoaren bizitza indar askatzailea da gatibuentzat; argi da itsu bizi direnentzat; opari da zoritxarreko sentitzen direnentzat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain