JAINKOAREN ESPIRITU ONA
Jesus ez da hutsik dagoen gizon bat, ezta barnez barreiaturik dagoena ere. Ez dihardu Galileako herrixka haietan era arbitrarioan, ezta edozein interesek mugiturik ere. Ebanjelioek argi utzi digute hasieratik ezen Jesus «Jainkoaren Espirituak» eraginik bizi dela eta jokatzen duela.
Ez dute nahi «legeko edozein maisurekin» nahas dezagun, Israel herriaren portaeran ordena gehiago ezartzeaz kezkatua balego bezala. Ez dute nahi sasi-profeta baten pareko egin dezagun, tenpluko erlijioaren eta Erromako boterearen artean oreka ezarri nahi balu bezala.
Ebanjelariek, gainera, nahi dute, inork ez dezala Jesus Bataiatzailearen pareko egin. Inork ez dezala hartu ikasle soiltzat eta basamortuko profeta handi haren lankidetzat. Jainkoaren «Seme maitea» da Jesus. Jainkoaren Espiritua «jaitsi da» beragana. Berak bakarrik «bataia dezake» Espiritu Santuaz.
Biblia-tradizio osoaren arabera, «Jainkoaren Espiritu» hori «Jainkoaren hatsa da, bizi osoa kreatzen eta sostengatzen duena. Bizidunak eraberritzeko eta eraldatzeko Jainkoak duen indarra. Bere seme-alabentzat beti denik eta hoberena bilatzen duen beraren amodiozko energia.
Horregatik, bidalia izan dela sentitzen du Jesusek, ez kondenatzeko, ez suntsitzeko edo madarikatzeko, baizik eta sendatzeko, eraikitzeko eta bedeinkatzeko. Jainkoaren Espirituak bizia sustatzera eta hobetzera bidali du. Jainkoaren «Espiritu» horretaz beterik, jendea «espiritu gaiztotatik» liberatzera jo du, hauek ez baitute egiten kaltetu, esklabo bihurtu eta desgizatiartu besterik.
Lehen kristau-belaunaldiek oso garbi zuten zer izan zen Jesus. Honela laburtu zuten bere jarraitzaileengan grabaturik utzi zuen oroitzapena: «Jainkoak Espiritu Santuaz gantzuturik, on eginez bizi izan zen eta deabruak zapaldurik zituenak sendatuz, Jainkoak berekin baitzuen» (Apostoluen Eginak 10,38).
Zein «espirituk» eragiten digu gaur egun Jesusen jarraitzaileoi? Zein da beraren Eliza mugitzen duen «grina»? Zein da gure elkarteei bizitzera eta jardutera eragiten dien «mistika»? Zer ari gara ereiten eta landatzen munduan? Jesusen Espiritua gugan badago, jende zapaldua, etsia edo gaitzak hertsatua «sendatzen» biziko gara.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






