JESUSEK ESPIRITU SANTUAZ BATAIATZEN DU
Bataiatzaileak beste jende gutxik bezala irudikatzen du aldi guztietako gizon-emakumeen ahalegina: garbitzeko, bere bizitza birnorabidetzeko eta bizitza duinago bat hasteko. Hau du bere mezua: «Egigun penitentzia, itzul gaitezen bide onera, ipin dezagun ordenu pixka bat geure bizitzan». Hauxe da entzuten duguna kontzientziaren barnean ere behin baino gehiagotan: «Aldatu beharra dut, pertsona hobea izan beharra, era duinagoan jardun beharra».
Garbitzeko gogo hau jatorra da eta ezinbestekoa, baina ez da aski. Erroreak zuzentzen saiatuko gara, geure eginbeharrak erantzukizun handiagoz betetzen saiatuko, gauzak hobeto egin nahi izango, baina, horrenbestez, ez da ernetzen gugan ezer benetan berririk, ezer liluragarririk. Laster, denboraldi baten ondoren, betiko eskastasunera itzuliko gara, erdipurdiko izatera. Bataiatzaileak berak ere aitortu ditu bere ahaleginaren mugak: «Nik urez bakarrik bataiatzen zaituztet; beste ahaltsuago batek Espirituaz eta suaz bataiatuko zaituzte».
Jesusen bataioak mezu berri bat dakar, Bataiatzailearena errotik gainditzen duena. Ebanjelariek arduraz zaindu dute eszena. Zerua, itxirik eta sartu ezin zegoena, ireki da bere sekretua agirian ipintzeko. Irekitzean, ez du hustu munduan Bataiatzaileak iragarri ohi zuen Jainkoaren sumindurarik, baizik era Jainkoaren maitasuna ekarri du erregalu, Espiritua, Jesusengan baketsu pausatu dena. Zerutiko ahots hau entzun da: «Nire Seme maitea zara zu».
Argia da mezua: Kristorekin, zerua zabalik gelditu da; Jainkoagandik maitasuna bakarrik dario, eta bakea; konfiantzaz bizi ahal gara. Gure erroreak eta guzti, gure eskastasun jasanezina eta guzti, guretzat ere «zabalik gelditu da zerua». Guk ere entzun dezakegu, Jesusekin batera, Jainkoaren ahotsa: «Nire seme maitea, nire alaba maitea, zara zu». Aurrerantzean, bizitzari aurre egin ahal izango diogu, ez eten gabe garbitu beharreko izango genukeen «historia zikin» bezala, baizik eta «Jainkoaren seme-alaben duintasunaren» erregalu bezala, gozoki eta esker onez zaindu beharreko bezala.
Fede hau bizi duenarentzat, grazia-unez beterikoa da bizitza: seme-alaba baten jaiotza, pertsona batekin egindako topaketa, maitasun garbi baten esperientzia… gure bizitzan argi eta berotasun berriak ezartzen dizkigutenak. Bat-batean, iruditzen zaigu «zerua zabalik» dagoela. Zerbait berri hasi da gugan; bizirik sentitzen gara; gure bihotzean den gauzarik hobena iratzarri da. Agian sekretuki amestu genuena, ustekabeko erregalu eginik sumatu dugu: hasiera berri bat, garbitze desberdin bat, «Espirituaren bataio» bat. Esperientzia hauen hondoan, Jainkoa dago, Aita bezala maite gaituela. Beraren Maitasuna eta beraren Espiritua «bizi-emailea» dago.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain