ERAIL ALA ADORATU
Herodesek eta beraren gorteak boteretsuen mundua ordezkatzen dute. Denak balio du norberaren boterea segurtatzen badu: kalkuluak, estrategiak eta gezurrak. Balio du krudeltasunak berak ere, baita izu edo terroreak, gizakia mespretxatzeak eta errugabeak suntsitzeak ere. Mundu handi eta boteretsu bat dela ematen du, ordenaren eta zuzentasunaren defendatzaile bezala aurkezten zaigu, baina ahula eta zitala da: haurraren bila bukatuko du beti, «erailtzeko».
Mateoren kontaeraren arabera, Ekialdetik etorritako mago batzuk sartu dira bat-batean ilunpearen mundu honetan. Exegeta batzuek ebanjelioko legenda hau sakontasunaren psikologiara joz interpretatzen dute gaur egun. Giza bihotzeko gurari jatorrenei entzuten dietenek egiten duten bidea ordezkatzen dute magoek; magoak gidatzen dituen izarra, berriz, gizakiok jainkotasunaz dugun jakin-mina, eta egin duten bidea desiratzea da. Gizatasunean jainkotasuna aurkitzeko, erail ordez haurra adoratzeko, suntsitu ordez gizakiaren duintasuna aitortzeko, Herodesek jarraitzen duenaren kontrako bidea egin behar da.
Ez da bide erraza. Ez da aski bihotzaren deia entzutea; abiatu egin behar da, probatu, arriskatu. Sekulakoa da magoen azken keinua. Ez dute erail haurra, adoratu egin dute. Begirunez makurtu dira beraren duintasunaren aurrean, jainkotasuna aurkitu dute beraren gizatasunean. Hauxe da Betleheemgo haurragan haragi egin den Jainkoaren Semearen adorazioan bistaratu duten mezua.
Barrunta dezakegu eskaini dituzten oparien esanahi sinbolikoa ere. Urreaz gizakiaren duintasuna eta balio ezin estimatua aitortu dute; den-dena beraren zoriontasunaren menpekotzat hartu behar da; haur honek merezi du beraren oinetan jar diezazkioten munduko aberastasun guztiak. Intsentsuak desira agertzen du haur honen bizitza garatu dadin eta beraren duintasuna zeruraino jasoa izan dadin: gizaki oro dago Jainkoaren beraren bizitzan partaide izatera deitua. Mirra botika da gaixotasuna sendatzeko eta sufrimendua arintzeko: gizakiak arduraren eta kontsolamenduaren beharra du, eta ez indarkeria eta oldarkortasuna.
Ahulaz duen ardurarekin eta umiliatuaz duen samurtasunarekin, Betlheemen jaio den Haur honek salbazio-indar bakarra den maitasunaren magia txertatuko du munduan, oraintxetik jada Herodes boteretsua dardaraz jarri baitu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain