JAINKOAGANA BIDERATU
Ez da teknikarik, ez metodorik era automatikoan Jainkoagana gida gaitzakeenik. Baina badira jarrerak eta keinuak, harekin topo egitera prestatzeko, eratu gaitzaketenak. Are gehiago. Jainkoaz jaulkitako hitzik ederrenak eta diskurtsorik distiratsuenak gauza alfer dira, nork bere barnea irekitzen ez badu. Nola?
Jainkoagana bideratzeko gauzarik inportanteena, bihotz barnetik berari dei egitea da, norberak bakarrik, norberaren kontzientzia barnekoienetik. Hor zaio pertsona irekitzen konfiantzaz Jainkoaren misterioari edota hor du erabakitzen bakarrik bizitzea, era ateoan, Jainkoa gabe. Baina dei egiten ahal dio Jainkoari, harengan sinesten ez duenak, ezertaz seguru ez dagoenak? Foucauld-eko Karlosek eta beste fedegabe batzuek, dei hau eginez hasi ziren Jainkoaren bila: «Jainkoa, existitzen bazara, ager iezadazu zeure aurpegia». Dei hau, apala eta zinezkoa ilunpean egina, da, agian, biderik argienetako bat Jainkoaren misterioaz geure burua sentibera bihurtzeko.
Jainkoagana bideratzeko, garrantzizkoa da orobat ezabatzea, norberaren bizitzatik, harekin topo egitea eragozten digun hura. Adibidez, den-dena dakizulakoan bazaude eta errealitatearen, gizakiaren, bizitzaren eta heriotzaren azken misterioa ulertu duzulakoan bazaude, zail gertatuko zaizu Jainkoaren bila ibiltzea egiaz. Ikara desberdinek harturik edota etsipenak jota bizi bazara, nolatan irekiko zatzaizkio mugarik gabe maite zaituen Jainkoari?
Jainkoagana bideratzeko, garrantzizkoa da desioa, bilatzeari eustea, deika jarraitzea, itxaroten jakitea. Ez da beste erarik biziaren iturri denaren Misteriora bide egiteko. Magoen kontaerak era askotan nabarmentzen du Salbatzailearen bila bizi izan zuten jarrera eredugarria. Gizon hauek jakin dute nola ekin bideari Misteriorantz.
- Jakin dute apal-apal galdetzen,
- ilunaldiak gainditzen,
- bilatzeari iraupenez eusten
- eta gizaki baten ahuldadean haragitu den Jainkoa adoratzen.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain