GURE EZGAITASUNA ADORATZEKO
Gizaki modernoa atrofiaturik gelditu da Jainkoa aurkitzeko. Arazoa ez da ateo izatea. Gertatzen da «Jainkoa nabaritzeko ezgai» bihurtu dela. Gizon edo emakume bati, maitasuna era beherakorrean bakarrik ikusi edo ezagutu duenean, beraren bizitza irabaziaren eta probetxuaren gogo egoistak bakarrik mugitzen duenean, zerbait zaio bihotzean lehortzen.
Askok bizi dute gaur egun estutzen eta pobretzen dituen biziera bat. Oso garaiz zaharkiturik, barnez gogorturik, beren bizitzako inongo zirrikitutik Jainkoari irekitzeko gaitasunik gabe, ibili dabiltza bidean inongo barne eta bidelagunik gabe.
Delp Alfred teologoak, naziek erail zutenak, «barne gogortasun» honetan ikusten zuen arriskurik handiena gizaki modernoarentzat: «Horrela, gizakiak utzi egin dio bere eskuak izarretara jasotzeari. Gaur egungo gizakiak adoratzeko, maitatzeko eta beneratzeko duen ezgaitasunak beraren bizitzako neurriz gaineko handinahia eta gogortasuna ditu bere sustraiak».
Jainkoa adoratzeko ezgaitasun hau orobat nagusitu da fededun askoz ere, soilik «Jainko baliagarri» bat bilatzen baitute, probetxugarri bat. Beren egitasmo indibidualistarako balio izango dien Jainkoa bakarrik dute amesten. Jainkoa, horrela, «kontsumo-gai» huts bihurtzen da, nork bere komenentziarako eta probetxurako erabil dezakeena. Jainkoa, ordea, beste zerbait da. Jainkoa Maitasun mugagabe da, gure giza bizitzan berean haragitu dena. Eta, Jainko honen aurrean, lehenengo gauza adorazioa da, bozkarioa, esker ona.
Hau guztia ahaztuko denean, kristautasunak mundua gizatiartzeko ahalegin erraldoi huts bat bilakatzeko arriskua izango du, eta Eliza tirandura den erakunde izango da beti, lur jota bizi dena, borroka-gai eta ahalegin-gai duen arrakasta morala ez lortzeko sentsaziopean bizi dena.
Alabaina, kristau-fedea, beste ezer baino lehen, Jainkoaren ontasunaren aurkikuntza da, berak bakarrik salbatzen gaituelako esker oneko esperientzia: Betlehemgo Haurraren aurrean magoek egin duten keinuak, gizon egin den Jainkoaren aurrean fededun orok bizi behar duen jarrera nagusia adierazten du.
Jainkoa bada. Existitzen da. Hor dago, gure bizitzaren hondo-hondoan. Berak onarturik gauzka. Ez gaude unibertsoan galdurik. Konfiantzaz bizi gintezke. Jainkoaren aurrean, zeinaz Maitasun bakarrik dela baitakigu, ez da poza, adorazioa eta esker ona besterik. Horregatik, «kristau batek, uste duenean jadanik ez dela gai otoitz egiteko ere, gutxienik poza bizi beharko luke» (Ladislao Boros).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain