JESUS GUREKIN DAGO
Mateok ez du bukatu nahi izan bere ebanjelio-kontaera Igokundea kontatzearekin. Beraren ebanjelioak, fededun-elkarteek bizi zituzten baldintza zail eta kritikoetan idatziak, Lukasena ez bezalako azkena eskatzen zuen.
Jesus behin betiko joan izana gogoan zutela, Igokundea xalo eta oker irakurtzeak umezurtz- eta abandonu-sentsazioa eragin zezakeen elkarte haietan. Horregatik, Jesus berpiztuaren esaldi ahantzezin batez bukatu du Mateok bere ebanjelioa: «Jakizue ni zeuekin izango nauzuela egunero, munduaren azkena arte».
Hau da kristau-elkartea beti animatu izan duen fedea. Ez gaude bakarrik, historian barna galdurik, geure indar hutsean eta geure bekatuan utzirik. Kristo geurekin dugu. Fededunok gaur egun bizitzen ari garen bezalako uneetan, gauza erraza da lantuetan, etsipenean eta ezkortasunean erortzea. Esan liteke, ahaztu egin dugula premia gorriaz gogora ekarri beharko genukeen zerbait: Kristo geurekin dugu.
Gotzainek, Vatikano II.a kontzilioan elkarturik, egiaztatu zuten, Elizan Kristoren presentziaren egiazko teologia falta zela. Eukaristian Kristoren Gorputz Odolen presentzia defendatu eta zehaztu nahi izateak oharkabean eraman ahal izan gaitu kristau-elkartearen bihotzean Jaun berpiztuaren presentzia ahaztera.
Halaz guztiz, lehen fededunentzat, Jesus ez da iraganeko pertsonaia bat, beneratzen eta kultua ematen zaion hildako bat, baizik eta norbait bizi dena da, fededunen elkartea bere espirituaz arnasten, biziarazten eta betetzen duena.
Bi edo hiru lagun beraren izenean elkartzen direnean, han dago Kristo beraien artean. Fededunen topaketak ez dira gizon-emakume umezurtzen batzar, batak bestea adoretzeko. Beraien artean dago Berpiztua, bere hatsa eta indar dinamizatzailea emanez. Hori ahaztea geure esperantza errotik ahultzeko arriskua izango genuke.
Bada oraindik beste zerbait ere. Pertsona premiadun, mespretxatu edo bertan behera utzia den batekin topo egiten dugunean, halakoekin era errotikoan solidarizatu nahi izan zuen harekin topo egiten dugu. Horregatik, Kristorekiko gure atxikimendua inon ez da gauzatzen premiadunaren laguntzaile eta solidario bihurtzean baino hobeto. «Txiki hauetako bati egin zeniotena, neuri egin zenidaten».
Jaun berpiztua gure fedea elikatzen ari da Eukaristian. Kristau-elkartean dago bere Espiritua isuriz eta misioa sustatuz. Pobreengan dago gure bihotzari gupidara eraginez. Egunero dago gurekin, munduaren azkena arte.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain