JAINKOAREN GIZA AURPEGIA
Laugarren ebanjelioa sarrera berezi batez hasten da. Gorazarre antzeko bat da; lehen mendeez gero, modu erabakitzailean lagundu zien kristauei Jesusek bere baitan zuen misterioan sakontzen. Fede xumez entzuten badugu, gaur ere laguntzen ahal digu Jesusengan era sakonagoan sinesten. Baieztapen garrantzizkoago batzuk bakarrik jasoko ditugu hemen segidan.
«Jainkoaren Hitza haragi egin da». Jainkoa ez da mutua. Ez da isilik gelditu, bere Misterioan betiko triku eginik. Jainkoak bere burua agertu nahi izan digu. Hitz egin nahi izan digu, bere maitasuna esan, bere egitasmoa agertu. Jesus, lau-lau, haragi egin den Jainkoa da.
Baina Jainkoa ez zaigu agertu kontzeptu eta dotrina goi-goitarrez, adituek bakarrik ulertzen ahal dituztenez. Haren Hitza Jesusen bizitza maitagarrian haragitu da, jenderik xumeenak ulertu ahal dezan, bere bizitzan duen ontasun, maitasun eta egiagatik hunkitzen ahal den jendeak, alegia.
Jainkoaren Hitz hau «gure artean kanpatu da». Galdu dira distantziak. Jainkoa «haragi» egin da. Gure artean bizi da. Harekin topo egiteko, ez dugu mundutik irten beharrik, baizik eta Jesusengana hurbildu. Bera ezagutzeko ez dago teologia ikasi beharrik, baizik eta Jesusekin sintonizatu, Jesusekin bat egin.
«Jainkoa ez du inork inoiz ikusi». Profetek, apaizek, lege-maisuek asko hitz egiten zuten Jainkoaz, baina haietarik inork ez zuen ikusi haren aurpegia. Gauza bera gertatzen da gaur egun geure artean: Elizan asko hitz egiten dugu Jainkoaz, baina gutako inork ez du ikusi. Jesus bakarrik, «Jainkoaren Semea, Aitaren altzoan dagoena da ezagutzera eman duena».
Ez dezagun ahaztu. Jesusek bakarrik kontatu digu Jainkoa nolakoa den. Jesus bakarrik dugu iturria Jainkoaren Misteriora iristeko. Jainkoaz ditugun zenbat eta zenbat ideia zirtzil eta gizatasun gutxiko behar ditugun desikasi, Jesusengan agertu zaigun Jainko horrek erakar eta lilura gaitzan uzteko.
Nola aldatzen den guztia, noizbait ere Jesus Jainkoaren giza aurpegia dela atzematen dugunean. Dena bihurtzen da xumeago eta argiago. Badakigu orain nola begiratzen digun Jainkoak sufritzen dugunean, nola ibili ohi den bila galtzen garenean, nola ulertzen eta barkatzen digun uko egiten diogunean. Jesusengan agertu zaigu Jainkoaren «grazia eta egia».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain