EZ GELDITU KANPOAN
Badira, erlijioa «kanpotik bezala» bizi dutenak. Errezoak egin, ospakizunetara joan, Jainkoaz hitz egiten entzun, bai, baina «ikus-entzule huts» izatera mugatzen dira. Marcel Légaut pentsalari frantsesak dioen bezala, Jainkoaren «irudikapen estrintsekotik» bizi dute dena. Ez dira sartzen Jainkoarekin topo egiteko abenturan. Urrun samar gelditzen dira beti.
Alabaina, Jainkoa gizakiaren barnekotasunean dago. Ez da gure bizitzatik bereiz dagoen norbait. Ez da gure adimenaren ekoizpen bat, ez da irudikapen erdi adimenezko edo erdi afektibitatezko bat, ez da gure irudimenaren joko bat, «liluraturik» bizitzeko balioko ligukeena. Egiazko presentzia da Jainkoa, gure izatearen erroan bertan dagoena.
Presentzia hau ez da begi-bistakoa. Ez da atzematen azalekoago diren beste gauza batzuk atzematen diren bezala. Nork bere burua hondoraino sumatzen duen neurrian sumatu ohi da presentzia hau. Gizaki bakoitzaren misterioa ezin atzeman den bezala, ezin atzeman da presentzia honen misterioa ere. Jainkoa orduan zait presente egiten: neure buruari egiaz eta zinez presente egiten natzaionean. Ezin hasi duzu Jainkoaren esperientzia bizitzen, etengabe zeure baitatik kanpo bizi bazara.
Jainkoari barne irekitasun hau eskaini gabe, ez dago fede bizirik. Orduan hasten gara Jainkoaren ahotsa entzuten: geure egia hondoraino entzuten dugunean. Orduan dihardu Jainkoak gu baitan: gure izatean hoberik dena aktibatzen uzten diogunean. Bera onartzen dugun neurrian parte hartzen du berak gure bizitzan. Beraren presentzia gutako bakoitzarengan izaten uzten diogunari egokituz moldeatzen da.
Gizatasuna eta jainkotasuna ez dira batak bestea ukatzen duten errealitate. Ez dugu zertan utzi gizatar izateari Jainkoarenak izateko. Gizatasuna «atea da», jainkotasunean sartzeko bide egiten diguna. Izatez, komunikazioaren, giza maitasunaren, min garbitzailearen, edertasunaren edo egiaren esperientzia dira Jainkoaren esperientziara irekitzen gaituzten ubiderik hobena.
Ez da harritzekoa, Joanen ebanjelioak Kristo, Jainko gizon egina, ate bezala aurkeztu izana, zeinetan barna sartzen ahal baita fededuna eta bide egiten ahal baitu Jainkoaganantz. Kristogan bizitza hain gizatarra, hain egiazkoa, hain hondorainokoa bizitzen ikas dezakegu non, gure erroreak eta eskastasuna gorabehera, Jainkoaganantz eramaten ahal baikaitu. Baina ondo aditu behar dugu ebanjelariaren oharpena. Jainkoaren Hitza «mundura etorri zen», eta munduak «ez zuen ezagutu»; «bere etxera etorri zen», eta «bereek ez zuten onartu».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain