JAINKOAREN GIZA AURPEGIA
Laugarren ebanjelioa hitzaurre berezi batez hasten da. Gorazarre baten antzekoa da; lehen mendeez gero, biziro lagundu zien horrek kristauei Jesusen baitako misterioan sakontzen. Fede xumez hartuko bagenu, gaur ere lagunduko liguke Jesusengan era sakon eta biziagoan sinesten. Baieztapen nagusi batzuk bakarrik aipatuko ditugu.
«Jainkoaren Hitza gizon (haragi) egin da». Jainkoa ez da mutua. Ez da isilik gelditu, betiko bere Misterioan mutu hesiturik. Jainkoak bere burua komunikatu nahi izan digu. Hitz egin nahi izan digu, bere maitasuna esan, bere egitasmoa argitu. Jainkoaren Egitasmoa da Jesus, Egitasmo haragi egina.
Jainkoa ez zaigu agertu kontzeptu eta doktrina handiosen bidez, adituek bakarrik uler ditzaketenez. Jesusen bizitza bihotzetikoan haragitu da Jainkoaren Hitza, jende xumeenak ere ulertzeko eran, Jesusen bizitzari darion ontasunaren, maitasunaren eta egiaren aurrean hunkitzeko gai direnek ere ulertzeko eran.
Jainkoaren Hitz hau «gure artean kanpatu da». Urruntasunarena galdu da. Jainkoa «gizon (haragi)» egin da. Gure artean bizi da. Harekin topo egin ahal izateko, ez dugu zertan irten mundutik, Jesusengana hurbildu besterik ez. Hura ezagutzeko, ez dugu zertan teologia ikasi, Jesusekin sintonizatu besterik ez, Jesusekin bat egin besterik ez.
«Jainkoa ez du inork inoiz ikusi». Profetek, apaizek, lege-maisuek asko hitz egiten zuten Jainkoaz; haietako inork ez zuen, ordea, ikusi haren aurpegia. Beste horrenbeste gertatu ohi da gaur gure artean: Elizan asko hitz egiten dugu Jainkoaz, baina ez dugu ikusi inork. Jesusek bakarrik, «Aitaren altzoan den Jainkoaren Semeak bakarrik ezagutarazi digu».
Ez genuke ahaztu behar. Jesusek bakarrik adierazi digu nolakoa eta zer den Jainkoa. Jesus bakarrik dugu iturburua Jainkoaren Misteriora hurbildu ahal izateko. Jainkoaz ditugun zenbat eta zenbat ideia eskas eta ez-gizatar behar ditugun desegin eta ahantzi, Jesusengan agertu zaigun Jainko horrek erakar eta lilura gaitzan!
Nola aldatzen den guztia, sumatzen dugunean Jesus Jainkoaren giza aurpegia dela! Dena lauago, dena argiago gertatzen da. Orain badakigu nola begiratzen digun Jainkoak sufritzen ari garenean, nola ibiltzen den gure bila galtzen garenean, nola ulertzen eta barkatzen digun uko egiten diogunean. Jesusengan agertu zaigu Jainkoaren «onginahia eta egia».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain