HURBILEKO JAINKOA
Eguberri jaiak egun hauetan gure kaleetan arnasten den giro azaleko eta manipulatu hori baino askoz sakonagoak dira. Gure kontsumo-gizartearen trikimailu guztiak baino jai barnekoiago eta pozgarriagoak.
Fededunek eskuratu beharra dugu berriro jai hauen muina, eta aurkitu beharra, hainbesterainoko arintasunaren eta zorakeriaren gainetik, geure alaitasunaren jatorria den misterioa. Ikasi beharra dugu Eguberriak «ospatzen». Ez dakite guztiek zer den ospatzea. Ez dakite guztiek zer den alaitasunari bihotza irekitzea.
Halaz guztiz, ezin ulertu izango ditugu Eguberriak geure bihotzean isiltasuna egiten ez badakigu, hurbiltzen zaigun Jainkoaren misterioari geure barnea irekitzen ez badakigu, eskaintzen digun biziarekin adiskidetzen eta Jainko Adiskide baten etorrera ahogozatzen ez badakigu.
Geure eguneroko bizitzan, batzuetan hain aspergarria, hain itzalia eta tristea, alai bizitzeko gonbita egiten digu. «Ezin tristurarik izan bizia jaiotzen denean» (Leon Handi santua). Ez da alaitasun gesal eta arin baten kontua. Ez da, zergatik ez dakitela alai agertu nahi izaten dutenen alaitasuna. «Baditugu guk arrazoiak alaitasun dirdaitsurako, alaitasun bete eta jai handirako: Jainkoa gizon egin da, eta gurekin bizitzera etorri da» (Leonardo Boff). Bada alaitasun bat, Jainkoaren hurbiltasunari bihotza irekitzen diotenek bakarrik ahogoza dezaketena, haren samurtasunak hunki ditzan uzten diotenek bakarrik ahogoza dezaketena.
Jainkoaren aurrean, beldur orotatik, konfiantza-falta eta uzkurkeria guztietatik liberatzen gaituen alaitasuna da. Nolatan izan gu haur bezala hurbiltzen zaigun Jainko baten beldur? Nolatan ihes egin guk txiki, ahul eta babesgabe bezala eskaintzen zaigun batengandik? Jainkoa ez da etorri botereaz armaturik, gizon-emakumeon nagusi bezala. Irribarre edo negar eginarazi diezaiokegun haur baten samurtasunez hurbildu zaigu.
Jainkoa ezin izan da jada guk susmatu izan dugun Jainko Ahalguztidun eta Boteretsu hura, atzeman ezineko mundu baten seriotasunean eta misterioan hesitua. Jainkoa haurtxo hau da, gizadiari maitekiro emana, gure begien bila dabilen ume hau, bere irribarrez gu alaiarazteko.
Jainkoa haur egin izan horrek, haren misterioaz egiten ahal ditugun gure burutazio eta espekulazioek baino askoz gehiago adierazten du Jainkoa zer den. Jakingo bagenu, Haur honen aurrean isilik egoten eta geure izatearen barnenetik Jainkoaren hurbiltasuna eta samurtasuna onartzen, agian ulertuko genuke, zergatik egon behar duen, Eguberri-egun hauetan, fededun baten bihotzak beste alaitasun batek hartua eta zoratua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain