MARTIRI LEIALA
Kristauok izen desberdinak eman dizkiogu Gurutziltzatuari: «eroslea», «salbatzailea», «erregea», «askatzailea». Esker onez hurbiltzen ahal gara beragana: hondamenditik berreskuratu gaitu berak. Kontenplatzen ahal dugu hunkiturik: inork ez gaitu maite izan berak bezala. Besarkatzen ahal dugu bera, indarrik topatu ahal izateko geure sufrimendu eta ezbeharren artean.
Lehen kristauek «martiri» ere esaten zioten, hau da, «lekuko» edo «testigu». Apokalipsi izeneko idazki batek, K.o. 95. urte inguruan idatziak, «martiri leial», «lekuko leial», esaten dio. Gurutzean, Jainkoaren maitasunaren lekuko leial bezala aurkeztu zaigu Jesus eta azkenak direnekin bat egin duena bezala. Ez genuke ahaztu behar.
Hartaraino egin zuen bat biktima errugabeekin non haien zoria bera izan baitzuen berak azkena. Haren hitza gogaikarri zen. Urrunegi joan zen Jainkoaz eta honen zuzentasunaz hitz egitean. Ezin onartu zuen hura, ez Inperioak, ez Tenpluak. Garbitu, erail, beharra zuten. Desegin beharra. Agian, Paulo gurutzearen teologiaz hitz egiten hasi aurretik, bizi zuten konbentzimendu hau Galileako behartsuek: «Gugatik hil da», «azkeneraino gu defendatzeagatik», «Jainkoaz azkenak direnen alde dagoela esatera ausartu delako».
Gurutziltzatuari begira jartzean, senaz eta berez gogoratu beharko ginateke hainbat eta hainbat biktima ezezagunen oinazeaz eta umilazioaz, historian barna, kasik guztiek ahazturik, sufritzen eta sufrituko dutenen oinazeaz eta umilazioaz. Iseka egitea izango litzateke Gurutziltzatua besarkatu, berari dei egin eta bera adoratzea, geureak ez ditugun sufrimendu guztiez axolagabe bizi bagara.
Gurutzea galduz doa gure etxe eta erakundeetatik, baina gurutziltzatuek hor jarraitzen dute. Egunero ikusten ahal ditugu edozein albistegitan. Ikasi beharra dugu Gurutziltzatua beneratzen, ez gurutze txiki batean, baizik eta gosearen eta gerletako biktima errugabeetan, beren bikoteek eraildako emakumeetan, beren paterak hondoratzean ito direnetan.
Gurutziltzatuari aitor egitea ez da fede-aitormen handiak egitea bakarrik. Bera Jaun eta Erosletzat onartzeko erarik hobena, bera imitatzea da, zuzengabeki sufritzen ari direnekin bat eginez.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain