EUKARISTIA GIZARTE EGINTZA DENEZ
Exegeten arabera, ogiak ugaltzearen kontaerak lehen kristauentzat eukaristiak zer zentzu zuen ikusten laguntzen digu, daukatena banatzen eta partekatzen dakiten anai-arreba batzuen keinua denez.
Kontaeraren arabera, premian eta goseak den jendetza dago han. Ogiak eta arrainak ez dituzte erosi, baizik eta bildu egin dituzte. Eta dena da ugaltzen eta banatzen Jesusen egintzaz, ogia bedeinkatu, puskatu eta premian direnei banatzeko agindu duelarik.
Sarritan ahazten dugu ezen, lehen kristauentzat, eukaristia ez zela liturgia bakarrik, baizik eta gizarte egintza zela gainera, zeinetan bakoitzak premien zirenen eskura jartzen baitzituen bere ondasunak. Bigarren mendeko testu ezagun batean, zeinetan San Justinok kristauek asteko eukaristia nola ospatzen zuten deskribatzen baitu, esaten digu bakoitzak duena ematen duela «laguntzeko, umezurtzei eta emakume alargunei, gaixotasunez edo beste arrazoi batez sufritzen ari direnei, kartzelan direnei, paseko arrotzei eta, labur esateko, premian diren guztiei».
Lehen mendeetan imajinaezina zen eukaristia ospatzera joatea zerbait eraman gabe behartsuei eta premian zirenei laguntzeko. Hona zer zion aurpegiratzen Ziprianok, Kartagoko gotzainak, andre aberats bati: «Zure begiek ez dituzte ikusten premian dena eta behartsua, ilun trinkoak hartuak eta estaliak dituzulako. Zu, diruduna eta aberatsa zara. Zuk, Jaunaren Afaria ospatu uste duzu eskaintza kontuan izan gabe. Zu, Jaunaren Afarira zatoz ezer eskaini gabe. Zuk, eskaintzaren zatia mozten duzu, behartsuarena den hura».
Gaur egun jendearen premia desberdinengatik egiten den otoitza ez da asmatutako zerbait, ez da eukaristia-ospakizunez kanpokoa izango litzatekeen eranskin bat. Eukaristiak bere izaeraz eskatzen du banatzea eta partekatzea da. Igande etorri, igandea joan, eukaristia-ogia partekatzera hurbiltzen garen fededunok, deiturik sentitu beharko ginateke geure ondasunak premian direnekin egiazkiago partekatzera.
Kontraesana izango litzateke Jaunaren mahaia partekatu nahi izatea, eta une hauetan etorkizun ziurtasun gabearen estutasuna bizi dutenei geure bihotza ixtea. Jesusek ezin bedeinkatuko du gure mahaia, nork beretzat gordetzen baditugu geure ogia eta geure arrainak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






