IGANDERO
Igandeko Eukaristia ospatzeko, ez da aski agindutako arauak betetzea edota beharrezko hitzak jaulkitzea. Ez da aski abestea edo Aitaren egitea edo elkarri bakea ematea dagokion unean. Aski erraz gerta daiteke Mezara joan eta bihotzean ezer ez ospatzea; dagozkion irakurgaiak entzun eta Jainkoaren ahotsa ez aditzea; debozioz jaunartzea Kristorekin bat egin gabe; batak besteari bakea ematea inorekin adiskidetu gabe. Nola bizi igandeko Meza geure fedea berritu eta indartuko duen esperientzia gisa?
Hasteko, arretaz eta pozik aditu behar dugu Jainkoaren Hitza; zehazki, Jesusen ebanjelioa. Astean barna ikusi dugu telebista, entzun dugu irratia eta irakurri prentsa. Nahasturik bezala bizi gara mota guztietako mezu, ahots, albiste, informazio eta publizitatearekin. Beste ahots bat, desberdina, entzun beharra dugu, barnetik sendatuko gaituena.
Hatsaldi bat, arnasaldi bat da Jesusen zuzeneko hitz xumeak entzutea. Egia ekarri ohi digute geure bizitzara. Liberatu egiten gaituzte kalte egiten diguten engainutik, beldurretik eta egoismotik. Irakaspen ditugu era xumeago eta duinagoan bizi ahal izateko, zentzu eta esperantza handiagoz. Zorte handia da bizitzaren ibilbidea ebanjelioaren argiak, igandero, gidaturik egitea.
Eukaristia-otoitza da erdigunea. Ezin zabartu gara. «Bihotza goratzen dugu» Jainkoari eskerrak emateko. On da, zuzen eta beharrezko Jainkoari eskerrak ematea bizitzagatik, kreazio osoagatik eta erregalu dugun Jesu Kristogatik. Bizitza ez da lan egitea soilik, ez da ahalegin eta zalaparta bakarrik. Orobat da Jainkoa ospatzea, eskerrak ematea eta gorestea. On da igandero elkartzea, bizitza erregalu dela sentitzeko, Kreatzaileari eskerrak emateko.
Jaunartzea, Kristo hartzea da gauza erabakitzailea. Jesus geure bizitzan onartzeko unea da, geure baitan bera esperimentatzeko, berarekin bat egiteko eta beraren Espirituak landu, kontsolatu eta adoretu gaitzan uzteko. Hau guztia ez dugu bizi ohi geure mundutxoan triku bihurturik. Elkarrekin abesten dugu Geure Aita, gizon-emakume guztien anai-arreba garela sentiturik. Eskatzen diogu, ez dakiola inori falta, ez ogia, ez barkazioa. Bakea ematen diogu elkarri eta guztientzat saiatzen gara bakea bilatzen.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






