KRISIALDI GARAIAN
Jende asko ari da jasaten, eta era askotan, ekonomia-krisia. Ez dezagula engaina geure burua. Ezin bizi gintezke beste aldera begira. Geure ingurunean, urrunago nahiz hurbilago, ikusiaz joango gara karitateaz bizitzera beharturiko familiak, etxe-desjabetzeak mehatxatzen dituenak, langabeziak jo dituen auzokoak, osasunaren edo botiken arazoa nola konpondu ez dakiten gaixoak.
Inork ez daki, juxtu, nola erreakzionatuko duen gizarteak. Familia batzuetan haziz bai ezintasuna, bai haserrea, bai etsipena. Aise gerta daiteke liskarra eta delinkuentzia handitzea. Gerta daiteke ere batzuengan egoismoa eta norberaren segurtasunaren obsesioa haztea.
Alabaina, gerta daiteke ere handituz joatea solidaritatea. Krisialdiak irakats diezaguke gizatasun handiagoz bizitzen. Irakats diezaguke ere duguna eta premiazko ez duguna partekatzen. Bihur daitezke estuago familien arteko loturak eta elkarrekiko laguntza. Haz daiteke gure sentiberatasuna premiarik handiena dutenentzat.
Gure kristau-elkarteak hazi daitezke anai-arreba arteko maitasunean. Konturatzeko garaia da ezen ezinezkoa dela Jesusi jarraitu eta Aitaren egitasmo gizatartzailean parte hartzea, baldin eta ez bada lan egiten gizarte zuzenago bat eta ustelkerian txikiagoa den bat lortzeko, gizarte solidarioago bat eta egoismoaz txikiagoa, erantzukizun handiagokoa eta azalkeriaz eta kontsumismoaz txikiagoa den bat lortzeko.
Orobat da garaia berreskuratzeko eukaristiak bere baitan duen indar gizatartzailea, baldin eta aitortu eta partekatutako maitasun-esperientzia bezala bizitzen bada. Kristauen topo egiteak, igandero Jesusen inguruan bildurik, kontzientziazio-leku bihurtu behar du eta zinezko solidario izateko eragile.
Krisialdia astinaldi bihur daiteke, ohikeriaz eta erdipurdi bizitzearen kontra, Ezin dugu bat egin Kristorekin geure bihotz barnean, sufritzen ari diren anai-arrebekin bat egin gabe. Ezin partekatu dugu eukaristi ogia, zuzenbidea eta ogia ukatu zaizkion milioika gizakiren goseari ezikusiarena eginez. Burla egitea izango litzateke batak besteari bakea ematea, gizartetik bazterturik direnez ahazten bagara.
Eukaristia ospatzeak begiak irekitzen lagundu behar digu, une honetan zein defenditu, zeini sostengua eman eta zeini lagundu ikusteko. Geure probetxua arriskuan ikustean bakarrik mugiarazten eta borroka eginarazten digun eta, gainerakoan, patxadan bizitzeko aukera eskaintzen digun «zintzotasun-ameskeriatik» esnatu behar gaitu. Eukaristiak, igandero fedez bizirik, gizatasun handiagoko egin gaitzake; baita Jesusen jarraitzaile hobe ere. Krisialdia kristau-argipean bizitzen lagundu gaitzake, duintasuna eta esperantza galdu gabe.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain