ESPERIENTZIA ERABAKITZAILEA
Normala denez, mezaren ospakizuna aldatuz joan da mendeetan barna. Aldien arabera, kristauek alde batzuk nabarmendu eta beste batzuk alde batera utziz jokatu izan dute. Meza esparru berezi izan da erregeen eta aita santuen koroatzeak ospatzeko, omenaldiak egiteko edota gerla-garaipenen oroitzapena ospatzeko. Musikariek kontzertu bihurtu dute. Herriek beren debozio eta ohitura erlijiosoen arteko ospakizun bihurtu dute.
Hogei menderen ondoren, premiazkoa gerta daiteke Jaunaren azken afariaren ezaugarri batzuk gogoratzea, lehen kristau-belaunaldiek gogoratzen eta bizi zutenaren arabera harturik.
Afari horren muinean bada konbentzimendu irmo bat: beraren jarraitzaileak ez dira umezurtz geldituko. Jesusen heriotzak ez du etengo berarekin inork ere duen elkartasuna. Inork ez du uste izan behar bera absente dagoenik. Beraren ikasleak ez dira bakarrik gelditu, historiako gorabeheren menpe. Eukaristia ospatzen duen kristau-elkarte ororen erdian, han dago Kristo, bizirik eta eragile. Hor dago beraren indarraren sekretua.
Eukaristia honetaz beraz elikatzen da Jesusen jarraitzaileen fedea. Ez da aski afari honetara joate hutsa. Ikasleak «jatera» gonbidatu ditu Jesusek. Jesu Kristorekin dugun geure atxikimendua elikatzeko, beharrezkoa dugu taldeka elkartzea, beraren hitzak entzun eta nork bere bihotzean txertatzeko; beharrezkoa dugu berarekin bat edo komunio egitera hurbiltzea, beraren biziera geure eginez. Beste inolako esperientziak eskaintzen ahal digu elikadura sendoagorik.
Ez genuke ahaztu behar ezen Jesusekin bat edo komunio egitea, gainerakoei erabat «emanik» bizi izan den eta hil den batekin bat edo komunio egitea dela. Horixe azpimarratu du Jesusek berak. Beraren gorputza «emana den gorputza» da eta beraren odola «odol isuria» da guztien salbaziorako. Kontraesana izango litzateke Jesusekin bat edo komunio egitera hurbildu eta, ondoren, geure probetsua ez den beste zernahiz arduratzeari uko egitea.
Ezer ez nagusiagorik eta erabakitzaileagorik, Jesusen jarraitzaileentzat, Jaunaren afari hau ospatzea baino. Horregatik artatu beharko genuke horrenbeste. Ondo ospaturik, moldeatu egiten gaitu eukaristiak, gero eta gehiago batzen gaitu Jesusekin, beronen bizitzaz elikatzen gaitu, familiartekoago bihurtzen digu ebanjelioa, anai-arreben zerbitzu-jarrera bizitzera gonbidatzen gaitu eta azkenean Jesusekin topo egingo dugun esperantzan eusten digu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain