HASIERA BERRIA
Jesus erailtzeak izuturik, ikasleak etxe ezagun batean babestu dira. Elkartu dira berriro, baina Jesus ez dute jadanik berekin. Elkartean hutsune bat dute, inork bete ezin duena. Jesus falta zaie. Ezin dituzte jadanik suzko haren hitzak entzun. Ezin dute hura jadanik ikusi zoritxarrak jotako jendea samurkiro bedeinkatzen. Nori jarraituko diote orain?
Iluntzen ari du Jerusalemen; baita ikasleen bihotzean ere. Ezin kontsolatu ditu inork beren tristuratik. Pixkana-pixkana, beldurra ari da nagusitzen guztiez, baina Jesus ez dute beren artean aupa esanez bihotz emateko. Nolabaiteko segurtasun-apur bat ematen diena «ateak itxirik edukitzea» da. Inork ez du pentsatzen jadanik bideari ekitea Jainkoaren erreinua hots egiteko eta bizitza sendatzeko. Jesus gabe, nolatan kutsa dezakete haren Berri Ona?
Joan ebanjelariak era gaindiezinean deskribatu du ikasleengan gertatu den eraldaketa, Jesus, bizi-bizirik, beraien artean presente egin denean. Berpiztua bere elkartearen erdian dago berriro. Horrela izango da beti. Berarekin dena da posible: guztiok beldurretik liberatzea, ateak irekitzea eta ebanjelizazioa abian ipintzea.
Kontakizunaren arabera, Jesusek bere elkarteari ufatu dion lehenengo gauza bere bakea da. Inolako aurpegiratzerik ez bera alde batera utzi dutelako, inongo kexarik ez, gaitzespenik ez. Bakar-bakarrik, bakea eta poza. Beraren hats kreatzailea sentitu dute ikasleek. Dena hasi da berriro. Espirituak eraginik, lankide izaten jarraituko dute mendetan barna Aitak Jesusi gomendatu dion egitasmo salbatzaile berean.
Elizak gaur egun behar duena, ez dira erreforma erlijiosoak eta elkartasunerako, komuniorako, deiak bakarrik. Behar duguna, geure elkarteetan «hasiera berri bat» esperimentatzea da, geure artean Jesusen presentzia bizia sumatzen hasirik. Berari bakarrik dagokio Elizan erdigunea. Berak bakarrik eragin dezake elkartasuna, komunioa. Berak bakarrik eraberritu dezake gure bihotza.
Ez dira aski gure ahaleginak eta gure lanak. Jesus da zeruertzaren aldaketa leherrarazi dezakeena, beldurretik eta errezeloetatik liberatzea, bakearen eta baretasunaren klima sortzea, hartaraino behar baitugu hori guztia ateak irekitzeko eta ebanjelioa partekatzeko geure aldi honetako gizon-emakumeekin.
Baina beraren presentzia geure artean fedez onartzen ikasi beharra dugu. Jesus zortzigarren egunean berriro aurkeztu denean, narratzaileak diosku ateak itxirik daudela artean. Ez da Tomas bakarrik Berpiztuagan konfiantzaz sinesten ikasi behar duena. Gainerako ikasleek ere gaindituz joan behar dute beren beldurra eta duda-mudak, artean atean itxirik jarraitzen baitute ebanjelizaziora joateko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain