JESUSEN PRESENTZIA BIZI
Ezin iradokitzaileagoa eta interpelagarriagoa da Joanen kontakizun hau. Soilik, beren artean Jesus berpizturik sumatu dutenean eraldatu da ikasleen taldea. Bakea berreskuratu, beldurra galdu, buruak ezin eman ahalako pozez bete, Jesusen hatsa beren gain sentitu eta ateak ireki: Aitagandik Jesusek hartua zuen egitekoa bera bizitzera bidaliak direla sentitu dute.
Elizaren gaur egungo krisialdiak, haren beldurrak, haren espirituzko sendotasun-faltak maila sakonean du bere jatorria. Sarritan, Jesus piztua eta gure artean delako ustea pentsamenduzko eta aldarrikaturiko doktrina hutsa izan ohi da, bizi izandako esperientzia baino gehiago.
Elizaren erdian dago Kristo berpiztua, baina ez dago errotua gu baitan hura gure artean bizi delakoa, ez dago txertatua gure elkarteen muinean, ez ditu hark elikatzen eskuarki gure egitasmoak. Hogei mendeko kristautasunaren ondoren, Jesus ez da ez ezaguna, ez ulertua bere nortasun berezian. Ez dugu maite, ez diogu jarraitzen ikasleek egin zuten moduan.
Berehala nabari ohi da talde bat edo elkarte bat, ezin ikusizkoa baina egiazkoa eta eraginkorra den Kristo berpiztuaren presentzia horrek joa denean. Halako talde hark ez du aski izaten eliz bizitza arautzen duten gidalerroak ohituraren ohituraz betetzearekin. Sentiberatasun berezia izan ohi du Jesusen Ebanjelioa entzun, bila ibili, oroitu eta egokitzeko. Elizan diren gune osasuntsuenak eta bizienak dira.
Ez ezerk, ez inork eman diezaguke gaur egun bizi dugun aurrekaririk gabeko krisialdi honi aurre egiteko behar dugun indarra, poza eta sormena, Kristo berpiztuaren presentziak egin dezakeen moduan. Haren espirituzko adorea izan ezean, ezin irtengo gara ia berezkoa bezalakoa dugun geure pasibotasunetik; mundu modernoari ateak itxirik jarraituko dugu, «agindurik» dagoena betetzen segituko dugu, poz eta konbentzimendurik gabe. Non aurki genezake Eliza birkreatzeko eta eraldatzeko behar dugun indarra?
Kontuan hartu beharra dugu erronka. Inoiz baino handiagoa dugu Jesusen premia. Haren presentzia bizia bizi beharrean gara, une oro haren irizpidea eta Espiritua gogoan hartu beharrean, haren bizitza etengabe hausnartu beharrean, gure egintzaren inspiratzailea bera izan dadin utzi beharrean. Beste inork baino argi eta indar handiagoa eman diezaguke hark. Gure artean dugu hura bere bakea, bere poza, bere Espiritua emanez.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain