HASIERA BERRIA
Jesusen gurutzeko heriotzaz izuturik, ikasleak ezagun baten etxean babestu dira. Berriro daude elkarturik; Jesus, ordea, ez dute beren artean. Elkartean hutsune handia nabari dute, inork bete ezingo duena. Jesus falta zaie. Ezin entzun dituzte haren hitz sutsuak. Ezin ikusi dute zoritxarreko jendea maitekiro bedeinkatzen. Zeini jarraitu behar diote orain?
Iluntzen ari du Jerusalemen, baita ikasleen bihotzean ere. Ezin kontsolatu ditu inork ere beren tristuran. Pixkana, beldurra ari da denak jotzen, eta ez dute berekin Jesus bihotza indartuko liekeena. Nola halako segurtasuna ematen dien gauza bakarra «ateak ixtea» dute. Inori ez dio ematen buruak, jadanik, bidez bide hastea Jainkoaren erreinua predikatzen eta bizitza sendatzen. Jesus gabe, nola kutsa dezakete haren Berri Ona?
Joan ebanjelariak era ezin hobean deskribatu du ikasleen bihotzean gertatu den eraldaketa beren artean Jesus aurkeztu zaienean, biziaz blai. Berpiztua berriro dago elkartean, erdian. Horrelaxe izango da beti. Harekin dena da posible: gu beldurretik liberatzea, atea irekitzea eta ebanjelizazioa abian ipintzea.
Kontakizunaren arabera, bakea izan da Jesusek bere elkarteari eman dion lehenengo gauza. Inolako errietarik ez bera bakarrik utzi dutelako, kexarik ez, gaitzespenik ez. Bakea eta poza bakar-bakarrik. Hasi dira ikasleak beraren hats sortzailea sentitzen. Berriro hasi da den-dena. Beraren Espirituak eraginik, lankidetzan jarraituko dute, mendez mende, Jesusi Aitak gomendatua dion egitasmo salbatzailean.
Gaur egun Elizak behar duena ez dira soilik erreforma erlijiosoak eta elkartasun-deiak. Geure elkarteetan «hasiera berri» bat behar dugu esperimentatu, Jesus geure artean bizirik presente sumatzetik abiatuz. Berari bakarrik dagokio erdigunea Elizan. Berak bakarrik eragin dezake elkartasuna. Berak bakarrik berritu dezake gure bihotza.
Ez dira aski gure ahalegina eta lana. Jesus bera da piztu dezakeena zeruertzaren aldaketa, beldurretik eta errezelotik liberatzea, bake eta baretasun-giro berria: guztia ere hain beharrezko duguna ateak irekitzeko eta ebanjelioa geure garai honetako gizon-emakumeekin partekatzeko.
Baina ikasi beharra dugu beraren presentzia geure artean fedez onartzen. Jesus handik zortzi egunera itzuli denean, kontalariak esan digu, ateak artean itxirik zeuzkatela. Ez da Tomas bakarrik berpiztuagan konfiantzaz sinesten ikasi behar duena. Beste ikasleek ere gaindituz joan behar dute pixkana beren duda-mudak eta beldurra, ebanjelizazioari ateak artean itxirik edukitzera eragiten dietenak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain