EZ IHESIK EMAUSERA
Ez dira gutxi Eliza gaur egun ezkor eta desengainuz ikusten dutenak. Ez da berek nahi luketen bezalako. Eliza bizi eta dinamikoa, Jesu Kristori leiala, gizarte gizakoiago bat eraikitzen egiaz konprometitua.
Mugigaitz eta atzerakoi ikusten dute, moral zaharkitu bat, jadanik inori axola ez zaion bat, defendatzeari era demasean emanik, «mailarik txikienean» ematen duen sinesgarritasuna berreskuratzeko ahalegin nekosoak egiten. Erakunde bat bezala atzematen dute, hor dagoena kasik beti akusatzeko eta gaitzesteko, gutxitan laguntzeko eta giza bihotzean esperantza isurtzeko. Sarritan sumatzen dute triste eta asperturik, eta nolabait sumatzen dute –Georges Bernanos frantziar idazlearekin– «herri kristau baten kontrakoa herri triste bat» dela.
Tentazio erraza da hura bertan behera utzi eta ihes egitea. Batzuek duela denbora asko egin zuten, baita era zaratatsuan ere: gaur egun diote ia harro Jainkoagan sinesten dutela, baina Elizan ez. Beste batzuk aldenduz doaz beragandik pixkana-pixkana, oin-puntetan eta zaratarik gabe; inor ohartu gabe kasik, beste garai bateko afektua eta atxikimena itzaliz doazkie.
Dudarik gabe, errorea izango litzateke aldi honetan baikortasun xalo bat aldarrikatzea, aldi hobeak etorriko direla pentsatuz. Are larriagoa izango litzateke begiak itxi eta ezikusiarena egitea Elizaren eskastasunari eta bekatuari. Baina gure bekaturik handiena «Emausera ihes egitea» izango litzateke, elkartea bertan behera utzi eta barreiatzea nor bere bidean, etsipenean eta desengainuan murgildurik.
Ikasi beharra dugu «Emauseko irakaspena». Irtenbidea ez datza Eliza uztean, baizik eta geure lotura berregitean kristau-talderen batekin, mugimendu edo parrokiaren batekin, bertan Jesusekiko geure esperantza partekatu eta biziberritzeko.
Gizon-emakume batzuek bide egiten dutenean Jesusez galde eginez eta beraren mezua sakonduz, han egiten da presente Berpiztua. Erraz gerta dakieke egunen batean, Ebanjelioa entzunez, «beren bihotza sutan» sentitzea berriro. Eukaristia ospatzeko fededun batzuk elkartzen direnean, han dago Berpiztua beraien bizitza elikatuz. Erraz gerta dakieke egunen batean «beren begiak irekitzea» eta bera ikusi ahal izatea.
Gure begietarako hildakoenik iruditu eta agertu arren, Berpiztua bizi da Eliza honetan. Horregatik, hemen ere beren zentzua dute Antonio Machadoren bertso hauek: «Neure etxea itzalirik iruditu zitzaidan, errautsak nahasi nituen… eskua erre nuen».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain