BIKTIMEKIN
Ebanjelio-kontakizunen arabera, Berpiztua bere zauriekin agertu zaie ikasleei. Ez da hau zertzelada arrunt bat, bigarren mailako garrantzia lukeen zerbait, baizik eta eduki teologiko handikoa da. Lehen kristau-tradizioek salbuespenik gabe azpimarratu dute datu bat; gaur egun, gehienetan, maila egokian balioztatzen ez dugun bat: Jainkoak ez du berpiztu edozein bat; gurutziltzatu bat berpiztu du.
Zehazkiago esanda, Aita bat iragartzen jardun den norbait berpiztu du, behartsuak maite eta bekatariei barkatzen dien Aita bat iragartzen jardun den bat; biktima guztiekin solidarizatu den norbait berpiztu du; berak pertsekuzioarekin eta ukoarekin topo egin duenean, Jainkoarekiko bere erabateko konfiantzari azkeneraino eutsi dion norbait.
Jesusen berpiztea, beraz, biktima bat berpiztea da. Jainkoak, Jesus berpiztean, ez du egin hildako bat heriotzaren suntsipenetik libratzea bakarrik. Gainera, «zuzenbidea egin dio» gizakien biktima bati. Eta honek argi berri bat dakarkigu «Jainkoaren izateaz».
Berpiztean ez da egin Jainkoak heriotzaren boterearen gainean duen guztiahaltasuna agertzea bakarrik. Orobat agertu digu gizakiek egiten dituzten zuzengabekerien kontrako zuzentasunaren garaipena ere. Azkenean eta era bete-betean, zuzentasuna atera da garaile zuzengabekeriaren aurka, biktima atera da garaile borreroaren aurka.
Hauxe da berri on handia. Jainkoa Jesu Kristogan agertu zaigu, «biktimen Jainko» bezala agertu ere. Kristoren piztuera Jainkoaren «erreakzioa» da, gizakiek bere Semearekin egin dutenari erantzunez. Hori azpimarratu du ikasleen lehen predikuak: «Zuek erail zenuten gurutzera jasoz… baina Jainkoak berpiztu egin du hildakoen artetik». Guk heriotza eta suntsipena ipintzen ditugun lekuan, Jainkoak bizia eta askapena ipintzen ditu.
Gurutzean, Jainkoa artean isilik gelditu da, mutu. Isiltasun horrek ez du adierazten Gurutziltzatua salbatzeko Jainkoa ahal gabeko denik. Sufritzen duenarekin bat egiten duela adierazten du. Jainkoa hor dago, biktimen zoria azkeneraino partekatuz. Sufritzen ari direnek jakin behar dute ez daudela bakardadean hondoraturik.
Alderantziz, piztuerakoan Jainkoak hitz egin du eta ekiteari eman dio bere indar kreatzaileaz, Gurutziltzatuaren alde. Azken hitza Jainkoak du. Eta maitasun pitzarazlea da biktimen alde. Sufritzen ari direnek jakin behar dute beraien sufrimenduak azkena izango duela piztuerakoan.
Historiak aurrera segitzen du. Asko dira gaur egun sufritzen ari diren biktimak, bizitzaren tratu txarra edota gurutziltzatze zuzengabe jasane;, Kristauak badaki Jainkoa sufrimendu horretan dagoela. Ezagutzen du Jainkoaren azken hitza ere. Horregatik garbi du zein duen bere konpromisoa: biktimak defenditzea, erailtzea eta gizatasun-gabetzea den ororen kontra borroka egitea; Jainkoaren zuzentasunaren azken garaipenaren zain-zain bizitzea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain