NORK BERE ESPERIENTZIAZ SINETSI
Ez da gauza erraza Jesus berpiztuagan sinestea. Azken batean, Jesusek berak gu baitan eragiten duen fedeaz bakarrik atzeman eta uler daitekeen gauza da. Jesusek isurtzen duen bakea eta poza «zeure barruan» sekula sentitu ez baduzu, nekez aurkituko duzu «kanpotik» haren piztueraren frogarik.
Horrelako zerbait esan nahi digu Lukasek Jesus berpiztuak ikasleen taldearekin izan duen topo egitea deskribatu digunean. Denetik da ikasle horien artean. Horietarik bi kontatzen ari dira nola antzeman dioten Jesusi Emausen, harekin afaldu dutenean. Pedro, berriz, agertu zaiola esaten ari da. Gehienek ez dute artean inolako esperientziarik izan. Ez dakite zer pentsa.
Orduan «Jesus aurkeztu da haien artean eta esan die: “Bakea zuei”». Behar den lehenengo gauza, Jesus berpiztuarekiko gure fedea iratzartzeko, haren presentzia gure artean intuitu ahal izatea da, gaur egun ere, eta bizi dela jakiteak ematen duen bakea, poza eta segurtasuna kurriaraztea gure taldeetan, elkarteetan, parrokietan; bizi dela jakiteak ematen duena, alegia, hurbileko bidelagun dugularik fedearentzat batere erosoa ez den aldi honetan.
Oso errealista da Lukasen kontakizuna. Jesusen presentziak ez ditu eraldatu ikasleak era magikoan. Izan ere, batzuk beldurtu egin dira eta «mamua dakusatelakoan dira»; beste batzuen baitan, berriz, mota guztietako «duda-mudak» sortu dira; beste hainbati «ezin sinetsizkoa iruditzen zaie»; beste batzuek, azkenik, «zur eta lur» jarraitzen dute.
Horixe bera gertatzen da gaur egun ere. Kristo berpiztuarekiko fedea ez da sortzen gu baitan modu automatiko eta seguruan. Era ahul eta apalean joan ohi da esnatzen bihotzean. Hasieran, desio hutsa izan ohi da kasik. Eskuarki, duda eta galdera askoren artean hazi ohi da: benetakoa ote hain gauza handi hori?
Kontakizunaren arabera, Jesus haien artean gelditu da, haiekin jan du, eta «haien adimena irekitzen» saiatu da, gertatua ulertu ahal dezaten. «Lekuko» bihur daitezen nahi du, beren esperientziaz hitz egin ahal dezaten, eta hots egin dezaten, ez nolanahi, «bere izenean» baizik.
Berpiztuagan sinestea ez da gauetik goizerako gauza. Prozesu bat da, urteak iraun dezakeena. Gure barne-jarrera da garrantzia duena. Beti Jesusengan konfiantza izatea. Tarte handia eskaintzea gutako bakoitzarengan eta gure kristau-elkarteetan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain