EDOZEIN BATEK EZ DU BALIO
Aintzira-ertzean bereekin otordua egin ondoren, solasaldi bat hasi du Jesusek Pedrorekin. Arduraz landua da solasa; izan ere, kristau-elkartearentzat garrantzi handia duen zerbait gogoraztea du helburu: Jesusen jarraitzaileen artean, beronekiko maitasunez nabarmentzen dena da gai eta gauza gidari eta artzain izateko.
Ez da unerik izan zeinetan ez dion agertu Pedrok Jesusi atxikimendu osoa, beste guztiek baina sakonagoa. Alabaina, egiaren orduan bera izan da lehena berari uko egiten. Zer da, ordea, egiarik Pedroren atxikimendu horretan? Izan al daiteke Jesusen jarraitzaileen gidari eta artzain?
Bere «artaldea» gomendatu baino lehen, oinarrizko galdera egin dio Jesusek: «Maite al nauzu hauek baino gehiago?». Ez dio galdetu: «Indartsu sentitzen al zara? Ondo ezagutzen al duzu nire doktrina? Nireak gobernatzeko gai zarela uste al duzu? Ez. Jesusekiko maitasuna da gai egin duena haren jarraitzaileak animatzeko, norabidetzeko eta elikatzeko, Jesusek berak egiten zuen bezala.
Pedrok apal erantzun dio, eta bere burua beste inorekin konparatu gabe: «Zuk badakizu maite zaitudala». Baina Jesusek beste bi aldiz errepikatu dio bere galdera, kasu bakoitzean era zorrotzagoan: «Maite al nauzu? Maite al nauzu egiaz?». Haziz doa Pedroren segurtasun-eza. Kasu bakoitzean epelago ausartu da bere atxikimendua aldarrikatzen. Azkenean tristura nagusitu zaio. Ez daki jadanik zer erantzun: «Zuk dena dakizu».
Pedro maitasunaren garrantziaz jabetzen doan heinean, Jesus bere artaldea gomendatzen ari zaio, zaindu eta elikatu dezan, eta bere jarraitzaileei bizia komunikatu diezaien, txikienak eta premiatsuenak direnetatik hasita: «bildotsak».
Sarritan erlazionatzen dira hierarkak eta artzainak, soilik, aginpidez gobernatzeko duten gaitasuna kontuan harturik edota egia predikatzeko duten bermeari dagokionez. Halaz guztiz, badira Kristorekiko atxikimendu sendo, segur eta erabatekoak, baina, maitasunik gabeko izanik, inor gai egiten ez dutenak Jesusen jarraitzaileak zaindu eta gidatzeko.
Faktore gutxi dira Elizaren konbertsiorako erabakitzaileagoak hierarkak, gotzainak, apaizak eta gidari erlijiosoak Jesus maitatzera konbertitu direla ikustea baino. Gu geu gara Jesusen galdera entzun behar dugun lehenak: «Maite al nauzu hauek baino gehiago? Maite al dituzu nire bildotsak eta nire ardiak?».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain