GIDARI BATEN BEHARRA
Lehen sinestedunentzat, Jesus ez da artzain huts bat, baizik eta egiazko artzain on bakarra. Lider bakarra, gizakia norabidetu eta berari bizia emateko gai. Jesus egiazko artzain on eta gidaritzat hartzen duen fede honek gaurkotasun berria du gurea bezalako gizarte masifikatu honetan, zeinetan pertsonak arriskua baitu bere nortasuna galtzeko eta zoro nahasi gelditzeko hainbat ahots eta apeuren aurrean.
Publizitateak eta komunikabide sozialek ezartzen diote gizabanakoari, ez bakarrik zer arropa jantzi, zer edari edan edota zer abesti entzun. Orobat ezartzen dizkigute bizi beharreko azturak, ohiturak, ideiak, baloreak, biziera eta jokabidea ere.
Emaitzak begi-bistako dira. Asko dira «gizarte-armiarma» honen biktimak. «Modaren arabera» bizi diren pertsonak. Jadanik bere ekimenez jokatzen ez duen jendea da. Beren zoriontasun koskorra bilatzen duten gizon-emakumeak, kanpotik adierazten zaizkien objektu, ideia eta jokabide haiek bere egiten ahaleginduz.
Hainbat dei eta apeuren mendeko, nork bere barnearen ahotsa ez entzuteko arriskuan bizi gara. Tristea da ikustea, jendea kanpotik «ezartzen» zaion biziera, ongizatearen eta egiazko zorionaren sinbolotzat hartua, nola biziko saiatzen.
Kristauok uste dugu Jesus bakarrik izan daitekeela gizakiaren behin betiko gidaria. Harengandik bakarrik ikas dezakegu bizitzen. Hain justu, bizitzeko erarik gizatiarrena zein den, egunez egun eta Jesusengandik, aurkituz doan hura da kristau.
Jesusi artzain on denez jarraitzea, berak bizi izan zituen jarrerarik oinarrizkoenak barneratzea da, eta beraiek bizitzen saiatzea gaur egun geure originaltasunetik, berak hasi zuen Jainkoaren erreinua eraikitzeko lanari segida emanez.
Baina meditazioa telebistak ordezkatuko duen bitartean, barne isiltasuna zaratak eta nork bere kontzientziari jarraitzea modari itsu-itsuan jarraitzeak, zail izango dugu Artzain Onaren ahotsa entzutea; eta badakigu, kontsumitzaileak kontsumitzen dituen «kontsumo-gizarte» honetan bizitzen ahots horrek bakarrik laguntzen ahal digu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






