JESUSENGANA ITZULI
Era guztietako ikerketak eta diagnostikoak egin daitezke. Gauza segurua da munduak izerdi berria behar duela bizitzeko. Hats eta esperantza bila dabiltza Elizak. Planetako jendetza pobreak zuzentasuna eta ogia eskatzen ditu. Mendebaldeak ez daki jadanik nola irten inongo ongizatek ezkutatzea lortzen ez duen gaizki disimulatutako tristura horretatik.
Problema ez da, ez aldaketa politikoena, ez berrikuntza teologikoena bakarrik, baizik eta bizitzearena. Behar duguna, Jesusek lurrean egin zuen ibilaldi laburrean piztu zuen «suaren» antzeko zerbait da: gizakiarekiko Jesusen mistika, beraren argitasuna, beraren irrika. Behar duguna, bera bezalako pertsonak dira, berarenak bezalako hitzak, esperantza eta maitasuna. Behar duguna, Jesusengana itzultzea da.
Hasieratik ikusi zuten kristauek Jesusek gizakiak gida zitzakeela. Bere hizkuntza ezagunaz, laugarren ebanjelioak «artzain» bezala aurkeztu du Jesus: artegian hesiturik dauden ardiak, bizitza eta duintasuna dituen lurralde berri batera, «kanpora ateratzeko», gai da. Aurretik doa bera, jarraitu nahi diotenei bidea markatuz.
Jesusek ez du ezer ezartzen. Ez du inor behartzen. Bakoitzari «bere izenaz» dei egiten dio. Jesusentzat ez dago jendetza-masarik. Bakoitzak bere izen eta aurpegi propioak ditu. Bakoitzak entzun behar du Jesusen ahotsa, kanpoan den inorenarekin nahasi gabe, zeinak ez baitira «lapur» baizik, herriari argia eta esperantza kentzen dizkiotenak.
Hau da gauza erabakitzailea: kasurik ez egitea kanpokoen ahotsari, ihes egitea Galileatik ez datozen mezuei. Elizak bere burua eraberritzera jo duen guztietan, Jesusengana itzultzeko mugimendua sortu izan da, berriro beronen urratsei jarraitzen hasteko. Hainbat aldiz gogoratu izan denez, Jesusek Pedrori esandako lehen eta azken hitza izanda «jarrai iezadazu» hori (Dietrich Bonhoeffer).
Alabaina, Jesusengana itzultzeko eginkizuna ez da aita santuaren eta gotzainen egitekoa bakarrik. Fededun guztiok gara erantzule. Jesusengana itzultzeko, ez du inork inolako aginduren zain egon beharrik. Asisko Frantzisko ez zen beraren garaiko Elizak auskalo zer erabaki hartu zain egon. Bera berez itzuli zen Ebanjeliora eta berak hasi zuen Jesusengana egiaz itzultzeko abentura. Zeren zain egon behar dugu Ebanjelioarekiko eta Jesusekiko irrika geugan esnatzeko?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







