BIZI HARREMANAK
Joanen ebanjelioko kontakizunaren arabera, Jesusek, bere heriotza aurreko egun batean, bere desirarik sakonena agertu die ikasleei: «Iraun niregan». Ezagunak ditu beraien koldarkeria eta eskastasuna. Kasu askotan aurpegiratu izan die beren fede eskasa. Berari bizi-loturaz atxikirik bizi ez badira, ezin biziraungo dute.
Jesusen hitzak ezin argiago eta ezin adierazkorrago dira: «Aihenak, mahatsondoari itsatsirik ez bada, berez fruiturik ezin eman duen bezala, gauza bera zuek ere nigan bizi ez bazarete». Beraren ondoan ikasi eta bizi dutenari irmo loturik eusten ez badiote, agor izango dute beren bizitza. Jesusen Espirituaz bizi ez badira, Jesusek berak hasitakoa galdu egingo da.
Hizkuntza biribila erabili du Jesusek: «Neu naiz mahatsondoa eta zuek aihenak». Ikasleengan Jesusengandik datorren izerdiak jariatu behar du. Ez dezatela hori sekula ahaztu. «Nigan irauten duenak nik beragan bezala, fruitu ugari emango du; ni gabe ezin baituzue ezer ere egin». Jesusengandik bereizirik, beraren ikasleok ezin dugu ezer egin.
Jesusek ez die eskatzen beragan iraun dezaten bakarrik. Esaten die ere, «beraren hitzek iraun dezatela beraiengan». Ez ditzatela ahantzi. Bizi daitezela beraren ebanjeliotik. Hori dute iturburua, nondik edan jakiteko. Esana zien beste batean: «Esan dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira».
Berpiztuaren Espirituak bizirik eta eginkor jarraitzen du gaur egun beraren Elizan, eta era askotan; gainera, Jesusen presentzia ikusezin eta isilak ezaugarri ikusgarriak eta ahots zehatza hartzen ditu bera hurbiletik ezagutu eta jarraitu ziotenek ebanjelio-kontakizunetan gorde duten oroitzapenari esker. Ebanjelioak fedez irakurtzen edo entzuten ditugunean harremanetan jartzen gara Jesusen mezuarekin, beraren bizierarekin eta Jainkoaren erreinuaz agertu duen egitasmoarekin.
Horregatik, ebanjelioetan dago kristau-elkarteek beren bizitza eraberritzeko behar duten indarrik ahaltsuena. Jesusen jarraitzaile-nortasuna berreskuratzeko behar dugun energia. Jesusen ebanjelioa da tresna pastoral garrantzizkoena Eliza gaur egun eraberritzeko.
Gure elkarteetako kristau askok ebanjelioez «bigarren eskuko» ezagutza bakarrik du. Jesusez eta beronen mezuaz dakiten guztia predikariei eta katekistei entzundakotik berreraiki ahal izan dutena besterik ez dute. «Jesusen hitzekin» harreman pertsonalik izan gabe bizi dute beren fedea.
Neke da imajinatzea «ebanjelizazio berri bat», jendeari ebanjelioekin harreman zuzenekoago eta ondo-hondokoago bat egiteko aukera erraztu gabe. Ezerk ez du indar ebanjelizatzaileagorik Jesusen ebanjelioa elkarrekin entzutearen esperientziak baino: gure egun hauetako galderak eta guzti, problemak, sufrimenduak, esperantzak eta guzti.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain