MAITATZEKO ESTILO BAT
Kristauak gizarte batean hasi ziren ugaltzen zeinetan termino desberdinak erabiltzen baitzituzten guk maitasuna deitzen duguna adierazteko. Hitzik usuena filia zuten; hurbileko pertsona batekiko afektua adierazten zuen, eta adiskidetasunaz, txeraz edota ahaide eta adiskideekiko maitasunaz hitz egiteko erabiltzen zuten. Erabiltzen zuten eros ere, plazer-joera, maitasun grinatsua edota, soil-soilik, gugan gozamena eta atsegina eragiten duenarekiko desira adierazteko.
Lehen kristauek, esateko, alde batera utzi zuten terminologia hau, eta kasik ezezaguna zen beste hitz bat jarri zuten abian: agape; honi eduki berri eta berezia esleitu zioten. Ez zuten nahastu nahi, Jesusengan inspiratutako maitasuna edozein gauzarekin. Horregatik zuten «maitasunaren agindu berria» ongi formulatzeko ardura: «Agindu berri bat ematen dizuet: maita dezazuela batak bestea nik maite izan zaituztedan bezala».
Jesusen maitasun-estiloa ezin nahasia da. Ez zaio hurbiltzen pertsonari bere probetsu edo atsegin propioaren bila, bere segurtasunaren edo ongizatearen bila. Soilik ongi egitea du buruan, harrera egitea, duenik eta hoberena erregalu ematea, adiskidetasuna eskaintzea, bizitzen laguntzea. Horrela gogoratuko dute Jesus urte batzuk geroago lehen kristau-elkarteek: «Bere bizitza guztia on egiten eman zuen».
Horregatik, Jesusen maitasunak zerbitzu-izaera du. Premiarik handiena izan dezaketenen zerbitzari egin da Jesus. Lekua eskaintzen die bere bihotzean eta bizitzan lekurik ez dutenei, ez gizartean, ez jendearen arduran. Ahulak eta txikiak defendatzen ditu, beren burua defendatzeko ahalik ez dutenak, ez handi ez garrantzizko ez direnak. Bakarrik eta babesgabe direnei hurbiltzen zaie, inoren maitasunik edo adiskidetasunik ezagutzen ez dutenei.
Ohikoa da gure artean, preziatzen eta zinez maite gaituztenak maitatzea, geure familiartekoekin eta adiskideekin txeratsu eta adeitsu izatea, ondoren axolagabe izateko arrotz eta geure probetsuaren mundu txikiarekin zerikusirik ez dutela uste dugunekin. Alabaina, Jesusen jarraitzailea bereizten duena, ez da edozelako maitasun bat, baizik eta gure premia dutenengana hurbiltzean datzan maitasun-estilo hori. Ez ginateke ahaztu behar.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain