BADUGU DEFENDATZAILE BAT
Egia esateko, gizakiok aski jende korapilatsua gara. Gizabanako bakoitza da mundu bat, desiren eta frustrazioen, handinahien eta beldurren, duda-muden eta galderen mundu bat. Sarritan ez dugu jakiten nor eta zer garen, ezta zer gura dugun ere. Ez dakigu norantz mugitzen den gure bizitza. Zeinek irakasten ahal digu era komenigarrian bizitzen?
Honetan ez dute balio ez planteamendu abstraktuek, ez teorikoek. Ez da nahikoa gauzak era arrazionalean argitzea. Ez da aski geure begi aurrean arau eta jarraibide zuzenak izatea. Gauza erabakitzailea jarduteko artea da, egunez egun, modu baikor, santu eta sortzailean.
Kristau batentzat, Jesus da beti bizitzako bere maisu handia, baina jadanik ez dugu bera geure alboan. Horregatik dute halako garrantzia ebanjelioko hitz hauek: «Neuk eskatuko diot Aitari beste Defendatzaile bat eman diezazuen, beti zeuekin izango duzuena, egiaren Espiritua».
Beharrezkoa dugu norbaitek Jesusen egia gogoraraztea. Ahazten badugu, ez dugu jakingo, ez nor garen, eta zer izatera deituak garen. Behin eta berriz aldentzen, urruntzen, gara ebanjeliotik. Arazoak eta interesak babestuko ditugu, bai, beraren izenean, baina berarekin zerikusi gutxi dutenak. Egiaren jabe garela uste izango dugu, aldi berean egia hori desitxuratzen ari garenean.
Beharrezkoa dugu Espiritu Santuak biziaraz dezan gugan Jesusen oroitzapena, beraren presentzia bizia, beraren irudimen sortzailea. Arazoa ez da iraganeko oroitzapen bat iratzartzea: bikaina, hunkigarria, bihozkoia, baina azken batean oroitzapen hutsa. Berpiztuaren Espirituak gurekin egiten duena gure bihotza irekitzea da, Jesusekin, bizi den norbaitekin, topo pertsonala egiteko. Jesusekin izandako harreman afektibo eta bihozkoi hau bakarrik da gu eraldatzeko gai, izateko eta bizitzeko era berri bat gugan sortzeko.
Espirituari, laugarren ebanjelioan, «defendatzaile» edo «paraklito» deitzen zaio, suntsitzen ahal gaituen orotatik defendatzen gaituelako. Gauza asko dira bizitzan zeinen aurka ez baitakigu defendatzen geure ahalez bakarrik. Beharrezkoa dugu argia, adorea, arnasa sostengatua. Horregatik dei egiten diogu Espirituari. Hori da erarik hobena Jesusekin harremanetan jarri eta beragandik aldendu gaitzakeen guztitik babesturik bizitzeko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain