JESUSEN ERREGALU HANDIA
Juduen ohiturari jarraituz, lehen kristauek elkarri agur egiteko «bakea» hitza erabiltzen zuten. Ez zen ohikeriazko agurra, eta konbentzionala. Esanahi sakonagoa zuen haientzat. Paulok 61. urtean Asia Txikiko kristau-elkarte bati idatzi zion gutunean bere desira handia agertu dio: «Kristoren bakea bizi dezazuela zeuen bihotzean».
Bake hau ez da nahasi behar edozer gauzarekin. Ez da soilik gatazka eta tirandurarik eza. Ezta ongizate-sentsazioa edo barne-baretasunaren bila ibiltzea ere. Joanen ebanjelioaren arabera, Jesusen erregalu handia da, bere jarraitzaileei betiko utzi nahi izan dien ondarea. Hona zer diotsen Jesusek: «Bakea uzten dizuet, neure bakea ematen».
Dudarik gabe, gogoan zuten lehen kristauek Jesusek bere ikasleei eskatu ziena Jainkoaren erreinua eraikitzera bidali zituenean: «Sartuko zareten etxean, esazue lehenik eta behin: “Bakea etxe honi”». Bizitza gizatiartzeko, bakea ereitea da lehenengo gauza, eta ez indarkeria; begirunea, elkarrizketa eta batak besteari entzutea sustatzea, eta ez ezarpena, areriotasuna eta dogmatismoa.
Zergatik da hain zaila bakea? Zergatik jotzen dugu behin eta berriz mokoka ibiltzera eta elkarrekiko erasora? Bada lehen erantzun bat, hain hasi-masikoa eta laua non inork ez baitu aintzat hartzen: jada bakea bizi duten gizon-emakumeek bakarrik ezartzen ahal dute hura gizartean.
Ezin erein du bakea edozeinek. Bihotza erresuminez, tolerantzia-ezaz eta dogmatismoz betea duenak mugiarazi dezake, bai, jendea, baina ezin ereingo du benetako bakerik bizikidetasunerako. Ezin laguntzen ahal du jarrerak hurbiltzen eta giro adiskidetsu bat sortzen elkar ulertzeko, elkar onartzeko eta elkarrizketarako.
Ez da zaila seinalatzea bere baitan Kristoren bakea bizi duen pertsonaren ezaugarri batzuk: guztien ona bilatzen du beti, inor baztertu gabe, begirunea die bataren eta bestearen alde desberdinei, ez du erasorik elikatzen, batzen duena sustatzen du, inoiz ez aurre egitea.
Zein ekarpen ari gara gaur egiten Jesusen Elizatik? Batasuna ala banaketa? Adiskidetasuna ala areriotasuna? Eta Jesusen jarraitzaileek beren bihotzean bakerik bizi ez badute, zer ari dira ematen? Beldurra, probetxua, handinahia, erantzukizun-eza?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain