EZ DA GAUZA BERA
Gertaera ukaezina da pluralismoa. Are gehiago: baiezta daiteke gizarte modernoaren ezaugarririk bereziena dela. Mila puska egin da duela urte batzuetako mundu monolitiko hura. Gaur egun bizikide dira gure artean mota guztietako jarrera, ideia edo balore.
Pluralismo hau ez da datu bat soilik. Gure kulturako dogma gutxietako bat da. Gaur egun den-dena eztabaida daiteke. Den-dena, hau salbu: bakoitzak duen eskubidea iruditzen zaion bezala pentsatzeko eta pentsatzen duen horretan errespeta dezaten eskatzeko. Egia esan, pluralismo honek eragin diezaguke bilaketa erantzuletsu bat egitera, bai elkarrizketa bai jarreren elkarketa edo konfrontazioa egitera. Baina eraman gaitzake ere atzerapen larri batzuetara.
Izatez, jende ez gutxi ari da erabateko erlatibismoan erortzen. Den-dena da gauza bera. G. Lipovetsky soziologo frantsesak dioen bezala, «feelings-en [sentipenen] orduan bizi gara». Jadanik ez da ez egiarik eta ez gezurrik, ez edertasunik eta ez itsustasunik. Ezer ez da ez on ez txar. Sentipen edo uste hutsez bizi gara, eta bakoitzak nahi duena pentsatzen du eta apetak eragindakoa egiten .
Erlatibismo-giro honetan, egoera benetan beheranzkora iristen da jendea. Sineskizun arraroenak defenditzen dira, zorroztasun txikienik gabekoak. Bizpahiru topikoz askatu nahi izaten dira gizakiaren bizi-arazo larrienak. Zerbait esan nahi du A. Finkielkrautek dionean: «basakeria ari da nagusitzen kulturaz».
Baztertu ezina da galdera. Esaten al diogu honi guztiari «aurrerapen»? Gauza ona al da pertsonarentzat eta gizadiarentzat burua edozein ideiaz edota bihotza edozein sinespenez betetzea, existentziari buruz egia handiagorik, ontasun eta zentzu biziagorik bilatzeari uko eginez?
Kristaua, gaur egun, deitua dago bere fedea bilaketa erantzulez eta partekatuz bizitzera. Ez da gauza bera biziaz edozein gauza pentsatzea. Gizakiaren azken egiaren bila jarraitu behar dugu; asko falta zaie hori era asegarrian argitzea teoria zientifiko, sistema psikologiko edo ikuspegi ideologikoei.
Kristaua deitua dago, orobat, kultura saneatuz bizitzera. Ez dira gauza bera inolako eskrupulurik gabe dirua irabaztea eta zerbitzu publiko bat ondraduki eskaintzea, ez dira gauza bera terrorismoaren alde oihuka aritzea eta pertsona bakoitzaren eskubideak defenditzea. Ez dira gauza bera abortatzea eta bizia onartzea, ez dira gauza bera «maitasuna nolanahi egitea» eta bestea benetan maitatzea. Ez dira gauza bera premian dagoenari ezikusia egitea eta beronen eskubideen alde aritzea. Lehenengoa txarra da eta kalte egiten dio gizakiari. Bigarrena esperantzaz eta promesaz betea dago.
Gaur egungo pluralismoan ere hoska ari zaizkigu Jesusen hitzak: «Maite nauenak beteko du nire hitza, eta maitatuko du nire Aitak».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







