BAKEA ELIZAN
Joanen ebanjelioan hitzaldi saila irakur dezakegu, zeinetan Jesus ikasleei agur esaten ageri baita. «Agurraren hitzaldia» deitzen diete iruzkingileek. Oso giro berezia nabari da hor: ikasleek beldurra diote beren Maisurik gabe gelditzeari; Jesusek, ordea, hau diotse: bera joan arren, ez dutela sumatuko bere absentziarik.
Bost alditaraino errepikatu die berekin izango dutela «Espiritu Santua». Hark defendituko ditu, zeren Jesusen mezuari eta egitasmoari atxikirik bizitzen eutsiko baitie. Horregatik, «egiaren Espiritua» deitzen dio. Une jakin batean, argiago azalduko die zein izango den haren egitekoa: «Defendatzaileak, Espiritu Santuak… irakatsiko dizue guztia, hark gogoraraziko dizue nik esan dizuedan guztia». Jesusen oroimen bizia izango da Espiritu hori.
Ikasleei eskaintzen dien mundu hori handiosa da. Espirituzko ikasle-mugimendu handia sortuko da Jesusengandik, Espiritu Santuak defendaturik jarraituko diotenen mugimendua. Jesusen egiari lotuko zaizkio, zeren Espiritu horrek irakatsiko baitie Galilean barna Jesusek agertu izan dien guztia. Espirituak defendituko ditu etorkizunean larritasun eta koldarkeria orotatik.
Jesusek gogo bizia du ikasleek atzeman dezaten zer esanahi duen beraientzat egiaren Espiritu horrek, elkartearen Defendatzaile horrek: «Bakea uztera noakizue: bakea ematera». Bakea ez die opa soilik. Erregalatu egin die bere bakea. Espirituaren gidaritzapean bizi badira, bere hitzak gogoratuz eta gordez, ezagutuko dute bakea.
Ez da edozelako bakea. Jesusen bakea da. Horregatik diotse: «Ez damaizuet nik munduak ematen duena bezalakoa». Jesusen bakea ez da gauzatzen gezurrean edo zuzengabekerian arnasturiko estrategiaz, baizik egiaren Espirituarekin jokatuz. Hura behar dute sostengu: «Ez dezala dar-dar egin zuen bihotzak, ez dadila koldartu».
Elizan jasaten ari garen aztoratzearen eta izen-galtzearen aldi zail honetan, oker handia izango litzateke geure sinesgarritasuna eta aginpide morala Jesusek hitzemandako egiaren Espiritua alde batera utzirik defenditu nahi izatea. Beldurrak kristautasunean sartuz jarraituko du, geure segurtasuna eta bakea hark markatutako bidetik apartatuz finkatu nahi baditugu.
Elizan bakea galtzen denean, ezin da berreskuratu edonola, ezta edozein estrategiaz baliatuz ere. Bihotza erresumindurik eta itsu, ezin da eskuratu Jesusen bakea. Beharrezkoa da haren egiara umilki bihurtzea, geure indar guztiak pil-pil jartzea, oker burututako bidean atzera egiteko, eta Jesusen bizitza osoa arnastu zuen Espirituak gida gaitzan uzteko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain