BERPIZTUAREN ORBAINAK
«Zuek erail zenuten, baina Jainkoak piztu zuen». Hau da hots egiten dutena Jesusen ikasleek Jerusalemgo kaleetan, gurutzean josia izatetik zenbait egunetara. Beraientzat, piztuera Jainkoaren erantzuna da: beraren ahotsa betiko isildu eta mundu hobeago bat egiteko egitasmoa errotik ezabatu nahi izan dutenen egintza zuzengabe eta kriminalari emandako erantzuna.
Ez genuke ahaztu behar. Gure fedearen bihotzean Gurutziltzatu bat dago, Jainkoak arrazoia eman diona. Elizaren erdi-erdian biktima bat dago, Jainkoak zuzentasuna egin dion bat. Bizitza «gurutziltzatu bat», baina Jesusen espirituaz bizi izan duena, ez du azkena porrot bat izango, baizik eta bere azkena piztuera izango du.
Honek goitik behera aldatu du gure bizitzaren zentzua: gure ahaleginen, atsekabeen, lanaren eta sufrimenduen ordez mundu gizatiarrago bat eta bizitza zoriontsuago bat guztientzat. Sufritzen ari direnak buruan izanik, bizitzea, babesgabeenen ondoan jardutea, behartsuei eskua luzatzea… Jesusen urratsei jarraitzea: ez da hori guztia zorakeria bat. Gure bizia betiko piztuko duen Jainkoaren Misteriorantz bide egitea da.
Jasan ditzakegun abusu txikiak, zuzengabekeriak, ukapenak edo ezin ulertuak egun batean betiko orbainduko, zikatrizatuko, diren zauriak dira. Ikasi beharra dugu Berpiztuaren orbainei fede sakonagoaz begiratzen. Horrela geratuko dira egun batean gaurko zauriak. Jainkoak betiko sendatuko dituen orbainak.
Fede hau sostengua dugu geure barnean, eta indartsuago bihurtzen gaitu arriskuak jasanez segitzeko. Pixkana ikasiz joan behar dugu hainbeste kexatu gabe bizitzen, munduko eta Elizako gaitz handiaz hainbeste lantu egin gabe bizitzen, beti besteen biktima garela sentitu gabe bizitzen. Zer dela-eta ezin gara bizi Jesus bezala?, esanez: «Inork ez dit bizia kenduko, baizik eta neu naiz eman dudana»?
Piztuera berarekin partekatzeraino, Gurutziltzatuari jarraitzea, azken batean, «bizia ematen» ikastea da, astia eta geure indarrak ematen ikastea eta, agian, maitasunez geure osasuna ematen ikastea. Ez dugu zauri, neke eta unadura-faltarik izango. Esperantza dugu geure sostengua: egun batean, «Jainkoak xukatuko ditu gure begietako malkoak, eta jadanik ez da izango heriotzarik, ez lanturik, ez oihurik eta nekerik, zeren eta mundu zahar hau guztia igaroa izango baita».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain