NOLA BEDEINKATU MAHAIA
Ia konturatu gabe eta askotariko faktorek eraginik, gizatasuna kentzen ari gatzaizkio hain bihozkoia eta gizatiarra den keinu honi: otordua elkarrekin egiteko mahaian esertzeari.
Otordua, jende askorentzat, funtzional huts bihurtu da. Berrantolatu beharra dugu hori, laster eta zehazki, lanaldiaren barruan. Gero eta ezohikoagoa da familiaren topaketaren une pribilegiatu hori mahaiaren inguruan egitea. Etxe askotan, beraren inguruan familia biltzeko egina den mahai horrek ez du balio jadanik gurasoek eta seme-alabek topo egin dezaten, ez die balio beren bizia parteka dezaten, beraren inguruan elkarrekin hitz egin eta atseden dezaten.
Beste batzuk, berriz, ohitzen ari dira otordu inpertsonaletara «beren erakundea elikatzeko», jatetxeetan edota txandako self-serviceko txokoren batean. Ez jende gutxi beharturik gertatzen da otordu protokolario edo lanekoetan parte hartzera, zeinetan elkarrekin jatearen keinu adiskidetsuaren ordez, interesa, pragmatismoa edo handigura izaten baitira nagusi.
Jesusen keinua, otordu xume bat elkarrekin partekatzeko, jendeari esertzeko egin dion gonbita, hartu dugun ogiagatik Jainkoa bedeinkatzearekin batera, dei ona izan daiteke guretzat. Xabier Basurkok bere «Ogia partekatu» idazkian mamitsu adierazi duenez, jatea «organismoan kaloria-anoa jakin bat sartzea baino gehiago da».
Gure jan beharra, beste ezer baino gehiago, oinarrizko gure behartasunaren zeinua da. Ilun samar bada ere, gizakiok sumatzen dugu ez dugula oinarria geure burua. Izatez, besterengandik hartuz eta hartuz bizi gara, lurra dela medio, bakoitzari egunero erregalatzen zaigun bizitzaz elikatuz. Horregatik, gauza sakonki gizatiarra da otorduaren aurretik barne-biltze bat egitea, Jainkoari janaria eskertzeko, gizakiaren ahaleginaren eta lanaren fruitu duguna; aldi berean, ordea, bizitza sostengatzen duen Jainko kreatzailearen erregalu dena jatorriz.
Baina, gainera, jatea ez da biologia-izaerako egintza indibidualista huts bat. Gizakia beste batzuekin jan dezan egina da, mahaia familiartekoekin eta adiskideekin partekatuz. Otordua elkarrekin egite hori senide-artekotasuna elikatzea da, elkarrizketa egitea, adiskidetasuna handitzea, bizitzaren erregalua partekatzea.
Horregatik izaten da hain zaila Jainkoari eskerrak ematea batek behar duen janaria baino gehiago duenean, jakinik beste asko miseria eta gosea jasaten ari dela. Gandhiren hitz haiek akusatzen gaituzte: «Premiarik gabe jaten ari zaren guztia lapurreta egitea da behartsuaren urdailari». Agian, ongizatearen lurraldeetan ikasi beharra dugu mahaia beste era batean bedeinkatzen: Jainkoari eskerrak emanez, baina, aldi berean, barkazioa eskatuz geure solidaritate-faltaz, eta Lurrean gose direnen aurrean dugun erantzukizuna gogoan hartuz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







