DUDA-MUDAN SINESTEN IKASTEA
Ez da erraza egiati erantzutea Jesusen galderari, uretatik salbatu duen une berean Pedrori egin dionari: «Nolatan zure duda-muda hori?».
Batzuetan, konbentzimendurik sakonenak itzali egiten zaizkigu, eta arimako begiak nahastu, zergatik den zehazki jakin gabe. Ordu arte mugiezinekotzat eta irmotzat emandako burubide edo printzipioak koloka jartzen zaizkigu. Eta tentazioa sortzen zaigu dena bertan behera uzteko, ordeko ezer berririk eraiki gabe.
Beste batzuetan, Jainkoaren misterioa ikaragarri bihurtzen zaigu. Alde egiten dit neure biziaren azken hitzak, eta latz gertatzen zait neure burua misterioaren baitan uztea: nire arrazoiak bila jarraitzen du, aseezinik, argi garden eta apodiktiko baten bila, ezin aurkiturik eta ezin aurkituko dudalarik sekula.
Ez kasu gutxitan, geure eguneroko bizitzaren azalekotasunak eta arintasunak eta hainbat idolori eskainitako ezkutuko kultuak axola-ezaren eta barne eszeptizismoaren krisialdi luzeetan josirik uzten gaituzte, Jainkoa benetan galdu dugulako uste penagarrian.
Sarritan geure bekatua izaten da gure fedea hausten duena; izan ere, fedea beheititu eta ahuldu egiten da, Jainkoagandik urruntzen garenean. Egiazale bagara, aitortu beharra izango dugu egundoko distantzia dagoela garela esaten dugun fededunaren eta egiaz garen fededunaren artean. Zer egin geure baitan hain hauskorra eta duda-mudako fedea egiaztatua dugularik?
Lehenengo gauza, ez estea (ez etsitzea) eta ez izutzea da geugan dudak eta zalantzak ikustean. Jainkoaren bila ibiltzea, segurtasunik ezean, ilunpean eta arriskupean egiten da ia beti. Jainkoaren bila ibiltzea itsumustuka egin ohi da. Eta ez genuke ahaztu behar ezen askotan «zinezko fedea gainditutako duda bezala bakarrik ager daitekeela» (Ladislao Boros).
Inporta duena, Jainkoaren misterioa bihotz zabalik onartzea da. Gure fedea Jainkoarekin ditugun harremanen egiatasunen baitan dago. Eta ez dago zertan zain egon gure galdekizunak eta duda-mudak aska daitezen Aita horren aurrean egian bizitzeko.
Horregatik, garrantzizkoa da Pedrok bezala oihu egiten jakitea: «Jauna, salba nazazu». Garrantzizkoa da hutsik ditugun geure eskuak Jainkoaganantz goratzea, ez erregu-keinu bezala bakarrik, baita txikia dela, ezjakina dela eta salbazio-beharra duela dakien baten konfiantzazko eskaintza bezala ere. Ez dezagun ahaztu fedea «ur gainean ibiltzea» dela, baina hondoratzen hasten garenean salbatzaile dugun esku hori aurkitzeko aukera dugularik.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







